GAUR8 - mila leiho zabalik

Arto Bulgur berriaren aurkezpena eta sukalde tailerra Ordizian

Ekotalok arto Bulgur berria eramango du bihar Ordiziako Azoka plazara. Bertan, produktuaren aurkezpena egingo dute 10.00etan, baita artoak eta taloak izan ditzaketen erabilera gastronomikoak azaldu ere. Gogoratu dutenez, «onura paregabeak» dituzte.

Barazkiez beteriko taloa, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Talozaleek Ekotaloren arto Bulgur berria aurkituko dute bihar Ordiziako Azoka plazan. Izan ere, horren aurkezpena egingo dute bertan 10.00etatik aurrera, eta beranduago dastatzeko aukera ere izango da sukalde tailer batean.

Iragarri dutenez, Osoa sukalde ekimena bertan egongo da produktuaren errezeta jende aurrean prestatuz, eta bertaratzen diren guztiek dastatzeko aukera izango dute 11.00etatik aurrera.

Ohar batean gogoratu dute Ameriketatik etorri zenetik artoa mugarri izan dela euskal elikaduran, eta taloa izan da horren protagonista handienetako bat. «Gaur egun ez dugu horrenbeste kontsumitzen baina onura paregabeak ditu; gluten gabeko laborea, energetiko oso, zuntz ugarikoa eta gantz saturatu gabekoa», azaldu du. Erantsi dutenez, oso elikagai moldakorra da, egokia delako errezeta gazi zein gozoetan.

Goierrin egina

Aurtengo edizioan, arto bulgur berrian jarri nahi du fokua Ekotalok. «Artoak baduelako oraindik zeresan handia eta ez bakarrik taloan. Produktu berri hau xehetze eta txikitze prozesu zehatz baten ondorioa da eta ekoizpena Goierrin egiten da besteak beste», zehaztu du.

Jakinarazi dutenez, Mendarte baserriko Iñaki Intxaustik ekoitzi du «arto ekologiko barietate berezi hau». Hurrengo urratsa balore gastronomiko altuko produktuak sortzea da, eta atal horretan, Julen Altzelairen lana goraipatu dute.