07 FéV. 2024 Oñatiko emakume sortzaileei eskainitako erakusketan parte hartzeko izen-ematea ireki dute Oñatiko emakume sortzaileei eskainitako erakusketan parte hartzeko deialdia zabaldu du Udalak. Ekimena profesionalentzako eta arloan profesionalki aritzen ez direnentzako da, eta diziplina ezberdinetako lanak bilduko ditu. Emakume sortzaileekin lotutako beste erakusketa bat, artxiboko irudian. (Jon URBE) GAUR8 Martxoa aldean emakume sortzaileei eskainitako erakusketa egingo dute Oñatin, emakume sortzaileen lan artistikoak «herritarren artean zabaldu, partekatu eta bistaratzeko». Ekimen horri begira deialdia zabaldu du Udalak, herrian sormen lanetan aritzen diren emakumeen parte hartzea bultzatzeko. Deialdia, zehaztu dutenez, sormen lana erakusteko nahia duen eta Oñatin jaio edo bertako herritarra diren emakumeei zuzenduta dago. Ohar batean, udal iturriek azaldu dute sortzailea izatea eskatzen dela, nahiz eta sormen arloan profesionalki ez aritu. Zehaztu dutenez, edozein diziplinetako lanak aurkez daitezke: «margolanak, eskulturak, erliebe-lanak, taillak...». Mugarri bakarra egongo da, «disziplina artistiko batean sormen lan asko aurkeztuko balira, lanen aukeraketa egingo da». Ekimenean parte hartzeko, otsailaren 14a arte egongo da tartea inskripzioa egiteko. Formulario bidez egin daiteke Udalaren wengunean, baita Kultur Etxean ere, izen-emate orria betez. Inskripzioan, ahal izatekotan, lanaren informazio osagarria ematea eskatu dute, sormen lanarekin lotutako argazkiak, web orria edota sare sozialetako edukiak bezalako elementuak ezagutaraziz. Inskripzioan, sormen lanari buruzko azalpena eskaini beharko du parte hartzaileak, «lanak zertan datzan azaltzen duena».