08 FéV. 2024 Bi argazki funts berri ditu Gerediaga Elkartearen artxiboak Gerediaga Elkartearen artxiboak bi argazki funts berri ditu. Merino Martinez argazkilari durangarraren lana biltzen du batek, eta Madalena auzoko erakusketetan bildutako irudi zaharrak besteak. 1967an, Ezkurdin, XIV. mendeko herejia gogoratzeko ekitaldia. (Karmos Merino | Gerediaga Elkartea) GAUR8 Gerediaga Elkarteak dokumentategiko argazki artxiboak jasotako bi dohaintzaren berri eman du. Merino Martinez argazkilari durangarraren argazkiak dira dohaintza horietako bat. Bestea, Madalena auzoan azken urteetan egin diren argazki erakusketetarako batutako irudiek osatzen dute. Funts bietako argazkiak sailkatu eta digiltalizatuko ditu elkarteak, eta ondoren webgunean jarriko dute ikusgai. Horren ondoan, argazkiak ezagutzera emateko ekimen ezberdinak antolatu ditu. Eduki berrien inguruan, elkarteak aurreratu du Merinoren artxiboan 60ko eta 70eko harmarkadetako Durangoko egunerokoa aurki daitekeela. Pasa den urtean zendu zen Karlos Merino Martinezek argazkilaritzan aritzeko tailerra izan zuen hasieran, eta beranduago denda zabaldu zuen 1968an. 70eko hamarkadan denda itxi eta itsasora joan zen lanera. Itsasoa izan zen bere irudi askotako protagonista, baina ezkontza-argazkilari modura ere lan egin zuen Durangora bueltatzen zenean. Familiak utzitako artxiboan paperezko kopiak, diapositibak eta negatiboak daude. Lanen artean, Durangoko Alde Zaharreko irudiak eta mendizale bezala egin zituen mendien eta familia argazkiak ere azpimarratu dituzte. Madalena auzoa, gaur egun Landako etorbidea (Juanjo Bernasek utzitako argazkia Madalena jaietako argazki erakusketarako) Auzokideen artean bildutako irudiak Madalena auzoko argazki zaharrei dagokienez. Azken hamar urteetan jaietan egindako erakusketetarako auzoko argazkizaleen taldeak egindako irudi bilketa nabarmendu du Gerediaga Elkarteak. Auzokideek utzitakoak dira argazki horietako asko. Pasa den urtean beste bi dohaintza jaso zituen Gerediagaren dokumentategiak, Ignacio Ansorena durangarrena eta Alejandro Landaburu elorriarrarena. Ekarteak aurreratu duenez, erakusketak prestatzen ari dira Durangon eta Elorrion funtsen inguruan egiten ari den lana erakusteko.