GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Telefono mugikorrak eta adin txikikoak’, Euspot lehiaketak proposatutako gaia

Egunerokotasun handia duen gaia aukeratu dute Euspot euskarazko iragarkien lehiaketako antolatzaileek 13. ediziorako, ‘Telefono mugikorrak eta adin txikikoak’ izango baita sortzaileei proposatutako gaia. 30 segunduko spotak dira, mugikorrak nerabeari eskaintzen dizkion aukerak eta mehatxuak azaltzeko.


Sakelako telefonoek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzea izango da Euspot euskarazko iragarkien lehiaketako 13. edizioaren helburua. Guztira sei sari izango dira eta 3.000 euro baino gehiago banatuko dituzte. Babesle nagusia Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila izango da aurten.

Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean aurkeztu da lehiaketa asteazken honetan. Naiara Okina Arizmendi ikastolako komunikazio arduradunak Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkateak, Arantzazu Lagunilla Arteman Komunikazioko zuzendariak, Alex Zenarruzabeitia Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak eta Xabi Igoa Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendariak parte hartu dute ekitaldian.

Euskarazko iragarkien sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot lehiaketa 2011. urtean. Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatea uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen.

Aurten 13. aldia egingo du, eta iragarkietan landu beharreko gaia ‘sakelako telefonoak eta adin txikikoak’ izango da. Parte hartzaileek 30 segundoko iragarki bat sortu beharko dute sakelako telefonoek adingabeei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzeko. Iragarkiak egin eta aurkezteko epea maiatzaren 20an bukatuko da, eta http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko da lana aurkezterakoan.

«Gizartean eztabaida bero-bero dago arlo honen inguruan; asko dira mugikorren erabilerari mugak edo debekuak jarri nahi dizkieten kolektiboak eta adin txikikoek egiten duten mugikorren erabilerarekin oso kritiko azaltzen direnak. Badira egitasmo konkretuak herri ezberdinetan martxan jarri direnak, guraso elkarte ezberdinetatik sustatu diren kanpainak, mugikorraren erabilera ez egokiak arazo larriak sor ditzakeela dioten profesionalak», azaldu dute.

Helburua da 30 segundoko iragarki bat sortzea gizartean kontzientzia pizteko eta bereziki guraso gazteen kolektiboan eragiteko. ‘12 urteko seme-alabak mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin?’ gaiari erantzun behar dioten «iragarki sortzaile eta originalak» eskatzen dituzte antolatzaileek.

«Teknologiak eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak. Gizarte orokorrari, baina bereziki adin txikiko haurren guraso eta hezitzaileei zuzendutako iragarkia izan behar da», zehaztu dute.

Sariak eta formakuntza

Sei sari banatuko dira. Sari nagusiak lau izango dira: Iragarkirik onena (1.000 euro), Publikoaren saria (500 euro), Gazteen saria (500 euro) eta Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro). Gainera, bi sari gehigarri banatuko dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen iragarkirik onena (250 euro).

Bestalde, aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formakuntza saioak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, iragarki egileen harrobia indartzeko asmotan.

Saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 4.500 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko prestakuntza saioak hezkuntza zentro ezberdinetan.

Azkenik, agerraldian nabarmendu dute euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000tik gora jarraitzaile dituela. Parte hartu nahi dutenek lehiaketako ‘briefing’ eta oinarriak webgunean bertan dituzte eskuragai.