12 FéV. 2024 EHUk Norvegiako ‘Utdanning & Karriere’ nazioarteko hezkuntza azokan parte hartuko du EHUk pabilioi bat izango du otsailaren 14an eta 15ean Oslon ospatuko duten ‘Utdanning & Karriere’ nazioarteko hezkuntza azokan. Nabarmendu dutenez, milaka lagun biltzen dituen hitzordu horretan parte hartzea aukera paregabea da nazioarteko ikasleei EHUren eskaintza zuzenean helarazteko. Ikaleak EHUko Leioako campusean, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 EHUk ordezkaritza izango du lehen aldiz Oslon ospatuko den ‘Utdanning & Karriere’ (Hezkuntza eta Karrera profesionala) azokan. Asteazken eta ostegunean egingo da hezkuntza munduari eskainitako hitzordu hori, eta bertan pabiloia izango du EAEko unibertsitate publikoak, eskaintzen dituen graduondo, master eta doktoregoak zein Erasmus+ mugikortasun-eskaintzaren berri emateko. EHUk azaldu du ohar batean, azoka «aukera paregabea» dela «ikasle potentzialekin harremanetan jartzeko eta etorkizuneko hezkuntzari buruzko erabaki informatuak hartzen laguntzeko behar duten informazioa emateko». Emandako datuen arabera, 14.000 lagun biltzea espero du ‘Utdanning & Karriere’ azokak. Pasa den urteko edizioan, 20 herrialdetako 100 erakusketari izan ziren, besteak beste, Alemania, Australia, Amerikako Estatu Batuak edota Estatu frantsesekoak. Ezagutarazteko Junkal Gutierrez EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordearen esanetan, «nazioarteko hezkuntza-azoketan parte hartzea estrategia eraginkorra da» beste herrialde batzuetako graduondoko ikasleentzako «unibertsitate lehiakor eta erabakigarri gisa ezagutarazteko». Mota honetako azokek «gure ikusgaitasuna areagotzen dute nazioartean, eta ikasle potentzialekin elkarreragin zuzena izatea errazten dute», nabarmendu du Gutierrezek. Izan ere, zuzeneko arretan jarri du fokua, EHUn ikasleek dituzten abantailak eta onurak azaltzeko orduan. «Networkingerako aukerak ere badira, eta bide zuzenak irekitzen dizkigu talentua erakartzeko eta Estatu mailan zein Europa mailan unibertsitate erakargarri gisa» kokatzeko, erantsi du.