15 FéV. 2024 Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko I. Jaialdia ospatuko da Gasteizen Martxoaren 13tik 16ra ipuinaren euskal hiriburua izango da Gasteiz, Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko I. Jaialdia ospatuko baitute izen bereko kultur etxean. Araba «ipuinaren erreferente» bihurtu nahi dute, euskal sorkuntza nabarmenduz. Irudian, jaialdiaren aurkezpena Gasteizen. (Arabako Foru Aldundia) GAUR8 Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu du. Martxoaren 13tik 16ra bitarte egingo da, eta Araban dagoen potentziala aprobetxatu nahi du, lurraldea «ipuinaren erreferente bihurtzeko». Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatuak eta Iban Zaldua idazle eta jaialdiaren zuzendariak aurkeztu zuten ekimena pasa den asteazkenean. Jaialdia Arabako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da, eta literaturaren eta liburuaren inguruko proposamen berezia eskaini nahi die Gasteizko, Arabako eta aldameneko lurraldeetako herritarrei, «Arabako hiriburua ipuin literarioaren nazioko eta nazioarteko erreferente bihur dadin». Era berean, «euskaraz eta euskaratik» sortutako ekimenak euskal ipuin literarioaren sorkuntza nabarmendu nahi du. Lehen edizio honen parte hartzaileen artean, izen handiko sortzaileak daude: Eloy Tizon, Isaac Rosa, Tina Valles, Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Ana Malagon, Aixa de la Cruz, Joseba Sarrionaindia, Pedro Ugarte, Mariasun Landa eta Benizze, Nagore Fernandez-Zabala, Mari Jose Olaziregi eta Irati Majuelo akademikoekin batera. Jaialdiaren programa Ignacio Aldecoa Kultur Etxean gauzatuko da nagusiki, nahiz eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako campusera ere zabalduko den, eta literaturan eta irakurketan interesa duen edonori zuzendutako tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko ditu. Parte hartzea doakoa izango da, baina aurretik izena eman behar da www.aldecoafestibala.araba.eus webgunean. «Inoiz baino biziago» Del Valek aurkezpenean nabarmendu zuen «ipuina, literatura genero gisa, inoiz baino biziago» dagoela, eta aipatu du argitaletxe gehienek beren katalogoetan eskaintzen dituztela. Horrek, esan zuenez, irakurleek generoarekiko duten zaletasuna adierazten du. Azpimarratu zuen, gainera, egileek ez diotela inoiz ipuinak lantzeari utzi, eta ipuingintzan EAE «potentzia» bat dela. «Hori guztia eta Aldecoaren aitzindari lanari eta ondorengo autore askoren lanari esker lurraldean ipuinaren arloan dugun potentziala ezinbesteko osagaiak izan dira jaialdiaren aldeko apustua egiteko. Izan ere, jaialdia jarraitzeko asmoarekin jaio da, eta urteroko kultur hitzordu sendotuetako bat izateko asmoarekin», azaldu zuen. Jaialdiaren helburua, bestalde, nazioarteko kontakizun laburraren eremuko izen ospetsuak Arabara erakartzea da: «genero literarioaren izaera unibertsala azpimarratzeko eta haren sorkuntzaren hedapena bultzatzeko, bai euskaraz, bai gaztelaniaz».