16 FéV. 2024 Gaur X urte Iñaki Ojeda ‘Txapel’ ETAko militantea erail zuten duela 40 urte 1984ko otsailaren 16an, espainiar Poliziaren Operazio Talde Bereziaren (GEO) ekintza batean hil zen Iñaki Ojeda Martin de Butron ‘Txapel’ ETAko kidea. Portugaleteko gazteak hemeretzi bala jaso zituen exekuziotzat hartu zen operazio horretan. Ezkerrean, Iñaki Ojeda 'Txapel'. (GAUR8) GAUR8 Gaur duela 40 urte, Iñaki Ojeda Martin de Butron ‘Txapel’ ETAko kidea tiroz erail zuen espainiar Poliziak Barakaldoko pisu bateko operazio batean. Berarekin zeuden antolakundeko beste bi militanteak ere zauritu zituen Poliziak, baina bizirik atera ziren. Bere atzena, Ojedak espetxean idatzitako poesia bilduma utzi zuen. Gaztetatik Txapelek espainiar Estatuko kartzelak ezagutu zituen: Alcala-Meco, Carabanchel, Herrera de la Mancha eta Puerto de Santa Maria. Bertan idatzi zituen bere obra gehienak, zigor-ziegak ere ezagutuz. 1984ko otsailaren 16ko gau tragikoan, espainiar Poliziaren Operazio Talde Bereziaren (GEO) 19 balak kendu zioten bizitza. ‘Txapel’ Portugaleteko langile familia batean jaio zen 1964ean. Hamahiru urte zituela jendartea aztertzeko irrika piztu zitzaion. Lanbide Heziketako ikasketak egin zituen Ortuellan, bertan antolatutako 1977ko maiatzeko amnistiaren aldeko asteak eragin handia izan zuen Txapelengan. Gero, Jarrai antolakundean militatzen hasi zen, baina zerbait gehiago egin beharra zegoela iruditzen zitzaion eta, beste kide batzuekin batera, ETA laguntzeko taldea sortu zuen. Talde honek Iberdueroren kontrako sabotajeak burutu zituen gehien bat, Lemoizko zentral nuklearraren kontran. Beranduago, Txapel atxilotu zuten Irunen eta, torturatu ostean, hainbat ekintza burutzea leporatuta sei urteko espetxealdia betetzera kondenatu zuten. Presondegian, bere kontzientzia nazionala eta formakuntza areagotu zitzaion. Horretaz gain, literatura lanetarako baliatu zuen garai hori, hauek bere bizitza eta inguruko bizipenen ispiluak zirelarik. Txapel 1983ko ekainean aske geratu zen, hortik gutxira klandestinitatera itzuliko zen ETAko kidea izanik. Poliziak, 1984ko otsailaren 16an auzoa miatu ostean, Txapel, Juan Manuel Piriz eta Imanol Gonzalez ETAko kideak ezkutatuta zeuden pisua topatzea lortu zuen. Lehenengo tiroketaren ostean, Txapelen bi kideak larriki zaurituta geratu ziren. Gela batean inguratuta eta kideak zaurituta, Txapel, poliziarekin bere burua entregatzeko akordio batera iritsi zen. Armarik gabe ateratzeko eta paretaren kontra jartzeko agindua bete zuenean, GEOek fusilatu zuten. Polizia bat Txapelengana gerturatu zen eta sei aldiz tirokatu zuen bularrean. Bere gorputzean hemeretzi bala topatu zituzten autopsia egin ziotenean. Beste kideak hilda zeudela pentsatu zuten eta Gurutzetako ospitalean sendatu ziren. Txapelen poesietako batzuk Joseba Gotzon abeslariak musikatu eta Xabier Amurizak itzuli ditu, eta 1987an ospatutako III. Gasteizko Musika Bideo Jaialdian saritu zuten.