22 FéV. 2024 ‘Hala, Birala!’, kultura digitalari buruzko campusa Bilbon Aste Santuko oporrekin bat eginez, kultura digitalaren inguruko campusa antolatu dute Bilbon, 12 eta 13 urteko gaztetxoei zuzenduta. Sare sozialen erabilera, portaera egokietan heztea eta sormena euskaraz lantzea dira ekimenaren helburuetako batzuk. Izen-ematea 25ean itxiko da. Campusa Euskararen Etxean egingo da. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Apirilaren 2tik 5era, Paskoa Astean eskolan izaten ohi den oporraldiarekin bat eginez, ‘Hala, Birala!’ campusa antolatu dute Bilbon, euskaraz, eta 2012-2013 urteetan jaiotako lagunei zuzenduta. Udalak antolatuta, campusa Euskararen Etxean (Deustu) egingo da, goizeko ordutegian, 9.30etik 14.00etara, hezitzaileek gidatuta eta adituen laguntzarekin. Prentsa ohar batean, Udalak iragarri du parte hartzaileek animazioa, euskarazko bideo-jokoak, sare sozialen inguruko erabilera eta portaera egokiak bezalako gaiak jorratuko dituztela, baita bideoen edizioan trebatu ere. Espiritu kritikoa Ikus-entzunezko edukiak sortzeko teknika eta sormena lantzea euskaraz ekimenaren helburuetako batzuk dira, zehaztutakoaren arabera, baina horien ondoan, sare sozialen erabileraren inguruko hausnarketa eta ikuspegi kritikoaren lanketa ere azpimarratu dituzte. Esperientzia, gainera, baliagarria izango da euskarazko bideo-jokoen munduan murgiltzeko, eta «modako sare sozial erabilienen edukiak, erreferenteak eta joerak» euskaratik lantzeko, azaldu dute udal iturriek. Campusean parte hartzeko izen-ematea otsailaren 25era arte egongo da zabalik, info@azkuefundazioa.org eta euskara@bilbao.eus helbideetan.