29 FéV. 2024 ‘First Lego League’-ren 15. edizioa larunbatean ospatuko da Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen Bokazio zientifiko eta teknologikoak bultzatzera zuzendutako txapelketa lau egoitzatan ospatuko da aldi berean. Aurten parte hartze handiena izan du ekimenak, 57 ikastetxek eman dute izena eta mila ikasle inguru bilduko ditu. ‘First Lego League Euskadi’ lehiaketaren aurreko edizio bat, irudian. (Juanan RUIZ | FOKU) GAUR8 Zientzia, teknologia eta sormena dira ‘First Lego League’ lehiaketaren ardatz nagusiak, eta larunbatean ikusiko da talde ezberdinen lanaren emaitza, lau campusetan aldi berean ospatuko den saioan. 9.30ean hasiko da eta 15.00ak arte iraungo du lehiaketak. Guztira, 57 ikastetxetatik etorritako 171 eskola talde eta mila ikasle inguru bilduko ditu ekimenak, 390 boluntarioren laguntzarekin. Bilboko Deustuko Unibertsitateko egoitzan, Bizkaia osoko 16 zentro bilduko dira aurtengo edizioan, eta 46 talde lehiatuko dira (24 Challenge + 22 Explore). Bestalde, Donostian, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako 18 zentrotako 40 taldek parte hartuko dute (22 Challenge + 18 Explore); Arrasaten, 11 zentro lehiatuko dira guztira (Bizkaiko 6 eta Gipuzkoako 5) eta 39 talde; eta, amaitzeko, Gasteizko EHUren egoitzan 9 zentro egongo dira guztira (Arabako 6 eta Bizkaiko 3), 34 taldetan banatuta. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) euskal gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko antolatutako ‘First Lego League Euskadi’ (FLL) programak 15 urte bete ditu. Estatu mailan erreferentzia gisa hartzen da ekimena, bokazio teknologiko eta zientifikoen sustapenari dagokionez. Guztira 95 zentrok, 1.232 taldek, 16.020 ikaslek eta 1.200 boluntariok parte hartu dute.Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ‘FLL Euskadi’-k bere parte hartze errekorra hautsi du aurten: 2.828 ikasle, aurreko edizioan baino %35 gehiago eta 171 talde, 2023an baino %33 gehiago. Ikastetxeen kopuruak ere gora egin du, aurten 57 ikastetxek eman baitute izena.