GAUR8 - mila leiho zabalik

1.700 boluntariotik gora, ‘Kontuz! ez nazazu zapaldu’ organismo eta kutsadura ikusezinei erreparatzen dien kanpainan

Eskala mikroskopikoko biodibertsitatea eta kutsadura identifikatzeko formazioa eskaintzen duen ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ kanpainaren parte hartzea nabarmen handitu da bigarren edizioan: 1.700 boluntario baino gehiago, 97 taldetan banatuta.

‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu’ kanpainaren azken edizioa, irudian. (Plentziako Itsas Estazioa | PiE-UPV/EHU)

Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) irakasle eta ikertzaile talde batek antolatuta, iaz abiatu zen ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ ekimena, «maila mikroskopioa duen biodibertsitatea eta honen biziraupean mehatxatzen duten arriskuak» ezagutarazteko.

Bigarren edizioa ospatu da aurten, eta 1.700 boluntario baino gehiagok osatutako 97 talde aritu dira hondartzetan, mikrorganismoen eta mikroplastikoen bila, iazko zifrak nabarmen gaindituz, lehen edizioak 700 lagun bildu baitzituen.

«Ekimen pedagogikoa da, euskal hareatzetako mundu ikusezina (mikroskopikoa) ezagutarazi nahi duena. Horrez gain, kontzientziatu nahi du hondartzetako ingurumena zaintzeak eta kontserbatzeak une berezi honetan duen garrantziaz», azaldu dute, Nazio Batuek sustatuta, ozeanoen hamarkada oceandecade.org ospatzen dela gogoratuz. 

Ohar batean azaldu du EHUk «parte hartzaileen bikoitza baino gehiagok» aukera izan duela «kostaldeko mikroalgak edo gure hareatzetako meiofaunaren parte diren animaliak (organismo ornogabe txikiak) ezagutzeko, betiere PiE-UPV/EHUko pertsonalak zehaztutako protokoloari jarraituz». 

Ikertzaileek, gainera, «datu-baseak elikatzeko laginak aztertzen jarraitzen dute, Ozeanoen Nazioarteko Egunari begira (ekainaren 7a)», jakinarazi dute.

Proiektu inklusiboen beharra

EHUk nabarmendu du, bestalde, «herritarren zientzia proiektu honetan bigarren hezkuntzako ikasleak eta 13 elkartetatik etorritako pertsonak aritu zirela, gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsona ugarik» parte hartu zuela jardueretan «inplikazio handia» erakutsiz.

«Honek guztiak agerian utzi zuen proiektu zientifiko inklusiboak egitearen beharra, espazio berriak sor ditzaketenak, kolektibo ‘ikusezin’ horien ahalduntzea bideratuz», adierazi du.

‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektuaren web orrian kanpainaren azken edizioko irudiak ikus daitezke.