14 MAR. 2024 6.000 gazte inguru bilduko dituzte EHUko ate irekien jardunaldiek EHUn ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta, unibertsitate zentroak bisitatu eta ikasketei buruzko informazio zehatzago bat eskuratzeko aukera izango dute parte hartzaileek, beharrezko orientazioan sakonduz. EAEko 391 ikastetxek parte hartuko dute. EHUko Donostiako campusa, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 6.000 gazte ingururen bisita jasoko du 19 fakultate eta eskolatan, atxikitako Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan eta Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan egingo diren ate irekien jardunaldietan. Ostiralean hasiko dira, martxoaren 15ean, eta hilaren 23an amaituko, EHUko iturriek jakinarazi dutenez. Fernando Tapia Ikasle eta Enplegagarritasuneko errektoreordearen hitzetan, «garrantzitsua da orientazio jarduera egokiak eskaintzea unibertsitate aurreko ikasleek ezagutu ditzaten Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen gradu titulazio ugariak. Horrela, beren trebetasun, gaitasun eta interesetara ondoen egokitzen dena aukeratu ahal izango dute». «Ate irekien jardunaldiek EHUazoka gure unibertsitateko orientazio azoka osatzen dute, eta ikasleei eta haien laguntzaileei aukera ematen diete unibertsitate zentroak bisitatzeko eta etorkizuneko ikasketei buruzko erabaki informatu bat hartzeko behar duten informazio guztia eskuratzeko», azaldu du. Datorren ikasturtean EHUn ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta daude jardunaldiak. Izena eman duten EHUko eskola edo fakultatea bisitatu ahal izango dute, batzuetan senide batekin batera, eta horrela, instalazioak eta baliabideak ezagutu. Era berean, beren intereseko gradu ikasketen berri izango dute xehetasunez, unibertsitate ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten orientazio guztia lortu ahal izateko. Guztira 170 bisita hitzartu dira (pertsona berak hainbat jarduera egin ditzake), iaz baino hamar gehiago, 5.480 ikasleenak eta 834 laguntzaileenak. Inskripzioen %7,7 inguru beste erkidego batzuetako pertsonenak dira, eta EAEko bigarren hezkuntzako 391 ikastetxek parte hartuko dute.