18 MAR. 2024 Gaur X urte Duela zazpi urte hil zen Ion Arretxe, torturatuen ahotsa Duela zazpi urte, 52 urte zituenean, zendu zen Ion Arretxe (Errenteria, 1964ko abuztuaren 31- 2017ko martxoaren 18a), zinemako arte zuzendaria, idazle eta marrazkilaria. Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten 1985eko azaroan, eta hura ere ibai batean torturatu zuten. Berak uste zuen ibai hartantxe hil zutela Zabalza. Horren kontakizuna liburu batean islatu zuen. Ion Arretxe, Altzan 2015ean, Mikel Zabalzari egin zitzaion omenaldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) Amaia Ereñaga Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide oparoa izan zuen sormenaren munduan: zinemako arte zuzendari gisa jardun zuen, idazle, marrazkilari, baita aktore ere. Guardia Zibilak atxilotu zuenean, Arte Ederretako ikasle zen. 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Arretxe, Altzan, Mikel Zabalza zenarekin, Idoia Aierberekin eta Manuel Bizkairekin batera. Zabalza hil egin zen, eta beste hirurak baldintzarik gabe aske utzi zituzten. Guztiak torturatu zituzten Intxaurrondoko kuartelean. «Ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut», adierazi zuen Arretxek Zabalzari Garraldan egin zioten omenaldian, 2015ean. Rodriguez Galindo Guardia Zibileko koronela Intxaurrondon ezagutu zuen. Hark, biluzik zegoela barrabiletatik eutsi, eta esan zio: «Hona hitz egitera etorri zara; ez baduzu hitz egiten, lehertu arte estutuko dizkizut barrabilak». Zinemaren munduan lan eskerga egindakoa zen Arretxe. esaterako, ‘Éxtasis’, ‘Todo es mentira’ edo ‘La soledad’ filmetako gidoiak idatzi zituen eta, era berean, Jaime Rosaleren ‘Tiro en la cabeza’ protagonista izan zen. 2013ean, ‘Parole, parole. Una infancia en Rentería’ (Garaje) liburua kaleratu zuen, bere haurtzaroko gogorapenei inguruan. Egun haietan jasandakoa zabaltzeko lanean aritua zen azken urteotan. Gertakizunen 30 urtera argitaratu zuen ‘Intxaurrondo: la sombra del nogal’ liburua (El Garaje Ediciones, 2015), Euskal Herriko tortura zentrorik handienaren itzala argitara ateratzeko. Hauxe esan zuen: «Tortura ohikoa izan da Euskal Herrian, batez ere ETAren aurkako borrokan, eta hiru helburu zituen. Lehena, informazioa ateratzea da. Niri, atxilotzen nautenean eta etxetik ateratzen nautenean, lehenengo mendira eramaten naute eta gero ibai batera, uste dut informazioa ateratzeko premia larria zeukatelako. Bigarren helburua zu umiliatzea da, pertsona gisa txikitzea. Eta, gero, beste helburu bat du: gizarteari erakutsi, zure inguruko jende gehiagok ikus dezan, zer gerta dakiokeen borroka batzuetan sartuta dagoenari. Hori guztia egiaztatzen hasi da memoria historikoaren inguruko lanagatik eta Paco Etxeberriak Lakuako Gobernuarentzat torturen inguruan egin duen lan eskergatik, horrela, gutxienez, hemen tortura gauza sistematikoa izan zela eta herritar askori eragin ziela onartuko baita azkenik».