GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Chinua Achebe, Afrikako letren erreferente nagusia

Albert Chinualumogu Achebek edo Chinua Achebek, horrela sinatzen baitzuen, nigeriar eleberrigile eta poeta duela 11 urte hil zen AEBetan. ‘Things Fall Apart’-en (‘Gainbehera dator dena’, euskaraz, Alberdania-Elkar argitaratuta), Afrikako literaturan gehien irakurritako nobeletako baten egilea izan zen.

 

Chinua Achebe, afrikar literatura modernoaren ‘aita’. (AFP)

Afrikar literatura modernoaren erreferentzia nagusietako bat, eragin literario handia izan zuen Chinua Achebek munduan, mugen eta hizkuntzen gainetik. Nigeriako Ogidi herrian jaiota, 1930eko azaroaren 16an, Bostonen hil zen 2013ko martxoaren 21ean nigeriar eleberrigile eta poeta.

Gabriel García Marquez edo Toni Morrison bezalako autoreen mailako idazlea izan zela esaten ohi da; hau da, mugak eta hizkuntzak gainditu zituen horietakoa zen. 

Hain zuzen ere, Chinua Achebe bere herrialdeko idazle ospetsuena izan zen, baita Afrikako garrantzitsuenetakoa ere. 2007an, Alberto Martinez de la Cuadrak euskarara ekarri zuen ‘Gainbehera dator dena’ (Alberdania-Elkar, 2007; ‘Things Fall Apart’, oinarrizko bertsioan) eleberria Afrikako literatura modernoaren abiapuntutzat jotzen dute aditu askok.

Umuofia herrixkan, Nigerian, dago girotuta istorioa. Han bizi da Okonkwo, herriko pertsona errespetatuenetako bat, baina egunerokoa aldatu egingo da kolonizatzaileak helduko direlako. Liburuak deskribatzen du bizimodu modernoaren eta Afrikako kultura tradizionalaren arteko talka.

Kolonialismo garaian Afrikako etniei gertatutakoaren kronika osatu zuen Chinua Achebe idazleak, Afrikako literatura modernoko liburuen artean gehien irakurrietako batean.

Kolonialismoa eta arrazakeriaren aurkako borrokan nabarmendu zen Chinua Achebe eta, esaterako, ezaguna da 1975ean Joseph Conrad idazlea eta haren ‘Heart of Darkness’ nobela eleberri arrazistatzat jo zituenekoa.

Beste lau nobela argitaratu zituen, eta poesia, ipuingintza eta saiakera ere landu zituen, 25 lan baino gehiago kaleratuz.  Euskaraz ‘Bake zibila’ (Susa, 1989; Maddi Alvarezek itzulita) irakur dezakegu.