23 MAR. 2024 Gaur X urte Ana de Castro Osório, XIX. mendeko portugaldar aitzindari feminista Gaur 89 urte zendu zen Ana de Castro Osório kazetaria, hezitzailea, ekintzaile errepublikanoa, feminista eta idazle portugaldarra. Intelektual kementsu hau aitzindaria izan zen Portugalen emakumeen eskubideen berdintasunaren aldeko borrokan. Ana de Castro Osórioren erretratu bat. (WIKIPEDIA) Amaia Ereñaga XIX. mendearen amaieraz geroztik, Ana de Castro pertsonaia nabarmena izan zen Portugalgo bizitza politikoan, kazetaritzan eta literaturan. Emakume kementsua izan zen, bere garairako aurreratua. Epaile baten alaba, Ana de Castro Osorio (1872ko ekainaren 18a, Mangualde, Portugal - 1935eko martxoaren 23, Setúbal, Portugal) 1895ean urtean familia osoa Setubalera joan zen bizitzera, eta han egin zituen bere lehenengo literatura lanak 23 urte zituenean. 1898an Francisco Paulino Gomes de Oliveira poetarekin ezkondu zen eta bi seme izan zituzten. Portugalgo Alderdi Errepublikanoko kidea zuen senarra. Ana senarraren ideologiatik hurbil zegoen eta, Errepublika ezarri zenean, Afonso Costa Justizia ministroarekin lankidetzan aritu zen dibortzio-legea gauzatu ahal izateko. 1911n, senarra Brasilen kontsul izendatu zutenean, São Paulora joan ziren bizitzera baina, hiru urteen buruan, senarra hil zitzaion tuberkulosiak jota. Portugalera itzuli zen Ana, eta han bizi izan zen 62 urterekin hil zen arte. Anak 1905ean idatzi zuen ‘Mulheres Portuguesas’, Portugalgo lehen manifestu feminista. Monarkia dekadentea zen, emakume honen aburuz. Beraz, Portugal birsortu behar zuten, eta emakumeak ezinbestekoak ziren Portugal berria eraikitzerako orduan. Emakume hau aitzindaria izan zen, emakume guztiei hezkuntza zabaltzearen aldeko borrokari heldu ziolako. Burutu zituen beste lan batzuk: dibortzioa legeztatzearen alde aritu zen, emakumeen sufragio mugatua bultzatu zuen eta 1867ko Kode Zibilean ageri ziren zenbait lege aldatu zituen, esaterako; ezkondutako emakumeak senarrari ‘beharrezkoa’ zuten obedientzia deuseztatu zuen. 1907an, Portugalgo Ikerketa Feministen Taldearen sortzailea izan zen. Bi urte geroago, Emakumeen Liga Errepublikanoan sartu zen eta, 1912an, Errepublika aldarrikatu ondoren, Propaganda Feministaren elkarteko kidea bihurtu zen. Haurrentzako literaturaren aitzindaritzat hartzen da ere Portugalen, 1897 eta 1935 artean ‘Para as crianças’ izeneko ipuinak kaleratu zituelako. Grande Oriente Lusitano elkarte masonikoko kidea izan zen, era berean.