25 MAR. 2024 Bizkaiko foru museoek programazio berezia izango dute Aste Santuan Programazio zabal bat prestatu dute Bizkaiko foru museoek datozen jaiegunei begira. Ohiko eskaintzaz gain, tailerrak, jolasak edota pieza eta erakusketa gonbidatuak antolatu dituzte asteburu honetarako eta apirilaren lehenengorako hainbat kasutan. Foru museoek jarduera sorta berezia esakiniko dute datozen egunetan. (Bizkaiko Foru Aldundia) GAUR8 Hurrengo jaiegunetan, programazio berezia aurkituko dute bisitariek Bizkaiko foru museoetan. Arkeologia Museoa (Bilbo), Rekalde Aretoa (Bilbo), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Txakolin Museoa -Txakolingunea (Bakio), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), El Pobal Burdinola (Muskiz) eta Muñatones Gaztelua (Muskiz) dira Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoak, eta ostegunetik aurrera kultura plan ezberdinak eskainiko dituzte. Ordutegietan ere aldaketak egongo dira zenbait kasutan. Aste Santuari begirako programazio horren barruan, erakusketak eta tailerrak egongo dira. Foru Gobernuko iturriek ohartarazi dutenez, tailerretan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurreko erreserba egitea. Eskaintza berezi horien zertzelada batzuk: Arkeologia Museoan ‘Meridako Antzokiko Esfingea’ erakusten du pieza gonbidatu gisa. Erakusketa iraunkorra eta biltegiak ezaguzteko aukera dago han, hilaren 28an, 29an eta 30ean, eta apirilaren 4an, 5ean eta 6an. Haurrentzako tailerrak eta jokoak ere antolatu dituzte, eta martxoaren 31n, balearen ehizaren historiara hurbiltzeko proposamena dago. Egitarau zabal horren barruan, ‘Egun bateko arkeologia’, ‘Arkeotitereak’, ’Adornate’ edota ‘Erromatar jolasak’ bezalako proposamenak daude, besteak beste. Encartada Fabrika-Museoan aldi baterako bi erakusketa daude ikusgai: ‘Airean desagertutako paisaiak’ eta Bilboko Euskal Museoak ekoitzitako ‘Kameratik Orratzera’. ‘Mairin Mitchell: euskadunen kronista irlandarra’ erakusketa eskainiko du Txakolin Museoa-Txakolinguneak Bakion; eta Gernikan, Euskal Herria Museoan ‘Markos Gimenoren Karteletrak’ Jodeba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok komisariatutako erakusketa ikusi ahal izango da, Markos Gimenok idatzitako palindromoetan oinarritutako 53 kartelekin. Azken museo honetan, gainera, haurrentzako tailerrak eskainiko dituzte Pazko Astean, euskal tradizioak eta sinesmenak ardatz hartuta. Beste adibide bat, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, apirilaren 7an zeramika tailer bat egingo dute, 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Jardueren gaineko informazio zehatza eskuragarri dago Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.