06 AVR. 2024 Gaur X urte Gaurko egunez hil zen Juanita Unzueta, balleta Euskal Herrira ekarri zuen dantzaria Juanita Unzueta Garcia Eibarren jaio zen 1924ko ekainaren 16an, eta 2017an hil zen, gaurko egunez, 92 urte zituela. Dantza klasikoa ikasi, eta dantzari profesionala izan zen Errusian. Handik ekarri zuen balleta Euskal Herrira. Juanita Unzuetaren ilustrazio bat. (CC BY-SA 4.0) GAUR8 Eibarko Fermin Calbeton kalean jaio zen Juanita Unzueta Garcia 1924an. Gerra lehertu zenean, 12 urterekin eta lau urteko anaia Armandorekin, gerrako umeen taldean bidali zuten Sobietar Batasunera, 1937an. Leningradon eta Moskun bizi izan zen. Bolshoi antzokiko Vladimir Biely irakasle errusiarrarekin ikasi zuen balleta, eta dantzari profesionala izan zen. Euskal jota bat dantzatu zuen Stalinen begiradapean. Siberian, militar amerikar baten epaiketan aurreskua dantzatu zuen. Gerra garaian Moskuko ospitale batean lan egin zuen. Zaurituak garbitzeaz gain, dantza eta kantuekin haien samina goxatzen saiatu zen.Stalin hil zenean, Sobietar Batasuneko agintariek aukera eman zieten gerrako umeei, eta senarrarekin Eibarrera etorri zen Unzueta. Agintari frankistek zaintzapean izan zituzten itzulitakoak, eta latza izan zen esperientzia dantzariarentzat. Hala ere, amets bat bete zuen: Ballet Eibarrés martxan jartzea. 1958an izan zen bere ikasleen jendaurreko lehen agerraldia Eibarko Amaia antzokian. Asko izan dira bertan ikasitakoak. Besteak beste, Iker Gomez dantzari eta koreografoa eta Juanitaren lekukoa hartuta taldeari jarraipena eman zion Pili Alonso irakaslea. 2018an, hil eta urtebete geroago, omenaldia egin zioten bere herrian, dantzan erreferente izan zela oroituz eta bere ekarpena eskertuz.