10 AVR. 2024 Gaur X urte Guardia Zibilak Felipe Suarez Correoseko langilea hil zuen errepidean Felipe Suarez hil eta Federico Astilleros zauritu zituen Guardia Zibilak duela 48 urte Zarauztik Zestoarako bideak. Poliziak kontrolean ez zirelako gelditu izan zela argudiatu zuen, baina zaurituta baina bizirik ateratakoak kontrolik zegoenik gezurtatu zuen. Manuel Fraga Iribarne garaiko barne ministroak doluminak helarazi zizkion Suarezen familiari. (Wikimedia) GAUR8 Bertsio ofizialek kontatu zuen 1976ko apirilaren 10ean Felipe Suarez Correoseko langilea hil zela; aurreko gauean Guardia Zibilaren kontrol batean ez geratzeagatik tirokatu zutela. Berarekin batera zihoan Federico Astilleros lankidea, hau besoan zauritu zuen tiro batek, eta ondoren salatu zuen beraiek igarotakoan ez zegoela kontrolik. Telegrafoetako langilea zen Suarez ogibidez, Palentziakoa jaiotzez, baina ezkondu ondoren Zestoara joan zen bizitzera, bertako telegrafoaren postua bakante geratu ostean. Valentina Perez emaztea eta emaztearen aita ere telegrafoak ziren; lehenago Perezen aita Zestoan lanean izana zen, eta bertara joateko gomendatu zion.Urte batzuk Zestoan egin ostean, Palentziara lekualdatzeko aukera zuten eta bertara joateko erabakia hartu zuten, emaztea eta bi haurrak lehenago joan ziren, eta Suarez egun batzuk beranduago joatekoa zen; besteak beste, Astilleros laguna agurtzeko. Zarautzen egin zuten despedida, eta etxera itzultzen ari zirela, Guardia Zibilek autoa tirokatu zioten, pilotuaren leihoa irekita zuen Suarezek eta zuzenean jo zioten buruan, Astilleros sorbaldan jo zuen. Ospitalera eraman zituzten eta lekukoen arabera bertan hil zen Suarez, eta Astilleros operatu egin behar izan zuten. Ospitalean bertan gezurtatu zuen zestoarrak bertsio ofiziala, errepidean kontrolik ez zegoela esan baitzuen, egon balitz geratuko zirela eta. Guardia Zibilak inoiz onartu ez bazuen ere, Manuel Fraga Iribarne garaiko barne ministroak doluminak helarazi zizkion Suarezen familiari.