18 AVR. 2024 Klima aldaketaren inpaktuen aurrean arteak duen potentzialtasuna erakutsi du ikerketa batek BC3n aritzen den Marta Olazabal Ikerbasqueko ikertzailea buru izan duen ikerketa batek erakutsi du klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko estrategietan arteak potentzialtasun handia daukala, tokian tokiko kulturak eta pentsatzeko moduak jasotzeko. Klima aldaketak eragindako inpaktuen aurreko estrategiei lotuta, arteak lagun dezake etorkizuna irudikatzen. (Oskar MATXIN | FOKU) GAUR8 Zientziaren ondoan edo harekin uztartuta, arteak klima aldaketaren aurrean beharrezko egokitzapenetan laguntzen joka dezakeen paperera hurbildu da Marta Olazabal Ikerbasqueko ikertzailea buru izan duen azterlan bat. ‘Nature Communications’ aldizkarian argitaratuta, Ikerbasquek nabarmendu du lana «mundu osoko hiri-egokitzapenean adituak eta profesionalak inplikatzen dituen lehena» dela, «artearen bidez hiria klima aldaketara nola egokitzen den azaltzeko». Lanaren testuingurua aletzeko, ikerketa arloan lan egiten duen fundazioak gogoratu du mundu osoan lehentasun direla klima aldaketaren inpaktuei aurre egiiteko neurriak. «Hala ere, ez da soilik klima-egokitzapenaren zientzia; tokian tokiko beharrak, kulturak eta egiteko eta pentsatzeko moduak ulertzea da kontua, komunitateak klima-inpaktuetarako hobeto prestatuta egon daitezen», zehaztu du. Hala ere, beharrezko egokitzapen-estrategia horiek askotan ez dute oihartzuna lortzen komunitateetan, «teknikoegiak dira, eta toki testuinguruetatik urrunegiak, tokiko herri kalteberak atzean utzita». Marta Olazabal, Maria Loroño-Leturindo, Ana Terra Amorim-Maia eta William Lewisek osatutako BC3ko ikertzaile taldeak artea sartu du ekuazio horretan. Etorkizuna irudikatzen Hasteko, 31 ilustrazio koproduzitu dituzte. «Ilustrazio horiek testuinguruaren egokitzapen espezifikoen etorkizunak irudikaten dituzte, sei hilabetez tokiko aktoreekin, ‘Imagine Adaptation’ proiektuaren barruan», azaldu dute esperientziaren inguruan. Irudiak Josune Urrutia Asua ilustratzaile profesionalaren parte hartzearekin landu dituzte, eta diseinu sorta horren bidez, 60 hiri baino gehiagotako 100 parte hartzaile gonbidatu zituzten «beren hiriak klima aldaketari egokitzen irudikatzera». Irudiek kontzeptu abstraktuak itzuli eta irudi bizidunetan islatu dituzte. «Irudi horiek hizkuntza unibertsal gisa balio dute, oztopo kulturalak gainditzen dituzte eta komunitateak ahalduntzen dituzte beren etorkizun erresilienteak irudikatzeko klima aldaketaren inpaktuekiko». Marta Olazabal proiektuaren koordinatzaileak adierazi duenez, «irudikapen bisualek emozioak eta esperientziak ekar ditzakete gogora, hitzek berez ezin duten moduan. Gure ikerketak erakusten du egokitzeko bisualekin lan egitea garrantzitsua dela, ez bakarrik komunikazio zientifikoan, baita ikerketan bertan eta hainbat ezagutza mota integratzeko ere». Gero eta konplexuagoa den krisi klimatiko, sozial eta ekologikoaren aurrean, «ezinbestekoa da tartean dauden pertsona guztien ikuspegiak kontuan hartzea, eta artea lan horretan hasteko modu bikaina da», azpimarratu du Ikerbasquek, arte adierazpenen bidez islatutako ikuspegiek duten potentzialtasuna nabarmenduz.