25 AVR. 2024 EAEko Liburutegi Digitalaren edukiak Europako Liburutegi Digitalaren parte izango dira EAEko Liburutegi digitalak kudeatzen duen Euskariana (euskal kulturari buruzko edukietara sartzeko atari digitala) Europeana Europako Liburutegi Digitalaren parte izango da. Era horretara, euskal kultura ondarea Europeanako edozein erabiltzailerentzat egongo da eskuragarri. Irudian, Euskarianaren aurkezpena, 2021ean. (Aritz LOIOLA | FOKU) GAUR8 EAEko Liburutegi Digitalak kudeatzen duen Euskariana euskal kulturari buruzko edukietara sartzeko atari digitala Europeana Europako Liburutegi Digitalaren parte izango da, Europako Liburutegi Digitalaren Agregatzaileen Batzar Nagusian Euskariana Europeanako 43. Agregatzaile bezala onartu ondoren.Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jakinarazi dutenez, Euskariana euskal kulturari buruzko edukietara sartzeko atari digitala da eta EAEko Liburutegi Digitalak kudeatzen du.Euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki Interneten bilatzeko aukera ematen duen atari digitala da, Lakuako Gobernuaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen, unibertsitateen eta euskal kultura ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten erakunde pribatuen arteko lankidetzan eraikia, eta jatorrizko euskarriak liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, diskoak edo bestelako materiala dira.Euskarianaren proiektuak orain «dimentsio handiagoa» izango du Europeana Europako Liburutegi Digitalean sartzearekin batera. Foro hori domeinu eta gai agregatzaileen sare batek osatzen du, kultura erakundeei laguntzen dieten datu hornitzaileek Europeanari datuak eta edukiak eman diezazkioten. 2023ko urrian, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak datuak trukatzeko akordioa sinatu zuen Europako Liburutegi Digitala kudeatzen duen Europeana Fundazioarekin. ‘Datu Bazkide’ estatusa Europeanari baliabideak ematen dizkioten pertsona, erakunde eta entitate guztiek ‘Datu Bazkide’ estatusa jasotzen dute. Horrela, aurrerantzean, Euskarianako egungo 71 bazkideek, hala nola artxibo, liburutegi, museo, foru aldundi, udal, fundazio, elkarte, enpresa edota kultura zentroek, nahi izanez gero, Euskarianaren kudeatzaile den Euskadiko Liburutegi Digitaleko Zerbitzuari baliabideak Europeanara gehitzeko eskatu ahal izango diote.Europeanak sarbidea ematen du 2.600 hornitzaile baino gehiagoko Europako artxibo, museo, liburutegi eta ikus-entzunezko bildumen milioika baliabide digitaletara, eta Euskariana Europako Liburutegi Digitalean sartzen denean, euskal kultura ondarea Europeanako edozein erabiltzailerentzat egongo da eskuragarri.