06 MAI 2024 Gaur X urte Duela ehun urte jaio zen Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinemagilea Gaurko egunez ehun urte beteko lituzke Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinemagileak. Hainbat sari jaso zituen eta garaiko beste artista euskaldun batzuekin elkarlanean aritu zen. Basterretxearen obra baten inaugurazioa eta omenaldia, Metzalde Parkean, Arboledan, 2013an. (Marisol RAMIREZ | Argazki Press) GAUR8 Urtebetetze eguna izango luke Nestor Basterretxeak gaur, ehungarrena, hain zuzen ere. Duela hamar urte zendu zen Hondarribian bertakotu zen eskultore, margolari eta zinemagile bermeotarra. 1924an jaio zen, Bermeon, eta bertan eman zituen bere bizitzako lehen urteak. 1936go gerrak, ordea, erbestera eraman zuen familia osoa, Francisco Basterretxea aita EAJko politikaria zela eta. Sendia Frantzian erbesteratu zen lehenik, Casablancan, Marokon, ondoren eta azkenik, Argentinan. Buenos Airesen Emilio Pettoruti pintorearekin ikasi zuen eta bere lehenengo lanak egin zituen publizitatearen alorrean. Argentinan eta Uruguaien taldekako hainbat erakusketatan parte hartu zuen. Halaber, pintore gazteentzako Altamira beka ospetsua lortu zuen lehiaketa bidez, baita Premio Unico a Extranjeros delakoa ere 1949an. Aparejadore ikasketak burutu zituen eta bukatu bezain laster, 1951. urtean Maria Isabel Irurzun Urkia argentinarrarekin ezkondu zen, eta espainiar Estatura joan ziren eztei bidaian. Madrilen zeudela, eta Jorge Oteizak bultzatuta, Arantzazuko basilikako kriptako horma irudiak egiteko lehiaketara aurkeztu zen, baita irabazi ere. Lanaren erdia eginda zuelarik, elizak lana geldiarazteko agindua eman zuen, Vaticanoak antolatutako batzordeak Basterretxeak erabilitako molde plastikoak ez zituelako begi onez ikusten. Eskulturak egin behar zituen Jorge Oteizarekin batera Madrilera abiatu zen orduan, eta hainbat arkitektorekin aritu zen lanean. Artista gisa, bi talde artistiko garrantzitsuren sortzailea izan zen: 1957an 57 Taldearen sortzailea, Juan Cuenca, Agustin Ibarrola, Jorge Oteiza eta beste hainbat artistarekin batera; eta 1966an Gaur taldea, Eduardo Chillida, eta Oteizarekin, besteak beste. Frankismoaren ondoren osatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen Gobernuko Kultura Saileko aholkularia izan zen, EAJko Carlos Garaikoetxea lehendakari zela. Bi urtez jardun zuen zeregin horretan, 1980ko hamarkadan. 2005ean Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen eta 2008an Lan Onari lanaren domina eman zioten. Donostiako Zinemaldiko presidentea, eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kidea izan zen, Jueces para la Democracia elkarteko ohorezko kide, Toledoko Seme Kutun, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide eta Eusko Alkartasuneko militante ere.