GAUR8 - mila leiho zabalik

Astrako babeslekua eta sirena, oroimenaren ikurrak Gernikan

Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrena ospatu berritan, Astrako babesleku zaharrean egin du GAUR8k hitzordua Hibai Muniozguren Lobak ekimeneko kidearekin. Eraikuntza eta sirena zaharraren historiara hurbildu gara, eta haien babesean, oroimen historikoaren transmisioaz hitz egin dugu.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Babesleku horren historiara eta gorde dituen istorio bitxietara hurbilduko da GAUR8 hurrengo alean Lobak ekimeneko kide den Hibai Muniozgurenen eskutik. Gernikako arma lantegi ezagunaren izena gorde du gaur egun hainbat ekimenen bilgune eta kultur espazio autogestionatua den Astrak metro eskas baztuetara kontserbatzen den babeslekuak bezala.

Sentsazio ugari eragiten duen lekua da Astrako babeslekua. Bunker zahar horren hormek kontakizunez beterik daude, gerrek eragiten duten izuez... Bonbardaketetatik babesteko eraikita, langileentzako altxatu zuen arma fabrikak, baina ateak zabalik izan zituen herritarrentzako. 1937ko apirilaren 26 hartan bonbek suntsitu ez zuten leku bakarretako bat da, lantegia bera bezalaxe.

Astra eta babeslekua memoria historikoaren transmisiorako ahots eta tresna dira. Ekitaldi solemneen ondoan, beste bide bat urratzen duen eredua defenditzen du Lobak-ek. Memoriaren transmisioan egindako ibilbide horretan sakondu du GAUR8rekin izandako solasaldian, eta sirena hots ikaragarrien atzean dagoen mekanismo zaharraren aurkikuntza eta berreskurapena nola gertatu ziren gogoratu du.

Sirena zaharra apirilaren 26n aktibatzen dute urtero, 15.45ean, lehen hegazkinen presentziaz ohartarazteko jo zuen ordu berean, ‘Lau minutu’ ekimenari bide emanez. Etxekoengandik testigantzak zuzenean jaso dituen azken belaunaldiak memoriaren transmisioan jarraitzen du lanean.