GAUR8 - mila leiho zabalik

Lakuako Gobernuko Informatika Elkartea nazioartean saritua, Itzuli itzultzaile neuronalagatik

Lakuako Informatika Elkarteak garatutako Itzuli itzultzaileak nazioarteko aintzatespena lortu du, aurrerapen teknologikoak nabarmentzen dituen Red Hat konpainiaren sariketan. Lau berrikuntza proiektu nabarmenetako bat izan da mundu osoko 290 egitasmoren artean.

Lakuako Gobernuak garatu eta doan eskaintzen duen Itzuli itzultzailea saritu dute. (GAUR8)

Lakuako Gobernuko Informatika Elkarteak nazioarteko beste aintzatespen bat jaso du Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) zerbitzu publikoak digitalizatzeko lanean, eta oraingoan Itzuli itzultzaile neuronalaren proiektuaren garapenagatik izan da.

Hain zuzen, ‘Red Hat’ kode irekiko soluzioen munduko hornitzaile nagusiak urtero antolatzen dituen sarietara aurkeztutako 280 proiektuen artetik, Lakuako Informatika Elkartea lau berrikuntza proiektu nabarmenetako bat izan da. Konpainiak mundu osoko lorpen teknologikoak saritzen ditu, pentsamendu sortzailea, arazoak konpontzeko erabakitasuna eta teknologiaren erabilera eraldatzailea erakusten dutenak.

300.000 kontsulta egunero

Exekutiboko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita Informatika Elkartea egunero ari da Itzuli itzultzaile neuronala sustatzen. Egunero 300.000 kontsulta inguru egiten dira adimen artifizialean eta garapen teknologikoan oinarritutako tresnan, hala nola itzulpenak (euskaratik gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera), transkripzioak (ahotsetik testura euskaraz eta gaztelaniaz) eta sintesia (testutik ahotsera euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egiteko.

Ia berehala itzulpenak eskuratzeko aukera ematen du, doan, batez ere euskaraz, www.euskadi.eus/itzuli/ helbidean eskura daitekeen aplikazioaren bidez. Android zein iOS sistemak dituzten gailu mugikorretara jaitsi daiteke. Itzuli proiektua kode irekiko teknologiarekin diseinatu zen, karga beharretara modu moldagarrian egokitzeko.