GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Duela 43 urte, Guardia Zibilak hiru gazte torturatu eta hil zituen Almerian, ETAko kideak zirelakoan

Gaurko egunez hil zituen Guardia Zibilak Juan Mañas Morales, Luis Montero Garcia eta Luis Manuel Cobo Mier gazteak Almerian. ETAko kidetzat hartu eta torturatu egin zituzten. Akatsaz jabetutakoan, hura ezabatzeko hil zituzten.

Biktimen oroimenez jarritako monumentua. (Wikimedia Commons)

1981eko maiatzaren 10ean, Guardia Zibilak Juan Mañas Morales, Luis Montero Garcia eta Luis Manuel Cobo Mier Santanderko gazteak torturatu eta hil zituen Almerian, ETAko kideak zirelakoan. Kasua ‘Almeria afera’ izenaz da ezaguna.

Igandea zen eta Almeriako Gergalgo sakan batean zegoen Ford Fiesta batean kiskalitako 3 gorpu azaldu ziren.

Almeria afera (gaztelaniaz: Caso Almeria) 1981eko maiatzaren 10ean (igandean) hasi zen, Gergalgo (Almeriako) sakan batean zegoen Ford Fiesta batean kiskalitako 3 gorpu azaldu zirenean, hain zuzen ere. Juan Mañas Morales, Luis Montero Garcia eta Luis Manuel Cobo Mier gazteen gorpuak ziren.

Mañas, Montero eta Cobo, erosketak egiten ari zirela, ETAko kideak zirelakoan hartu zituzten atxilo Roquetas de Marren, Almerian. Biharamunean, autoa aberiatu ondoren alkilatu zuten Ford Fiesta batean aurkitu zituzten 3 gorpuak. Castillo Quero teniente koronelak eta beste 11 guardia zibilek kuartel abandonatu batean torturatu zituzten eta, erroreaz jabetu zirenean, arrastoak ezkutatu nahian, txiki-txiki egin, autoan sartu, ihes egiten baleude bezala tirokatu eta su eman zioten autoari. Horrez gain, gazteek zeramaten dirua erabili zuten behar zuten gasolina erosteko.

Epaiketan, 3 kondenatu izan ziren: Castillo Quero, teniente bat eta guardia bat. 24 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Castillo Querori, 15 urtekoa Gomez Torres tenienteari eta 12 Fernandez Llamas guardiari. Familiei ez zitzaien azalpen handirik eman eta terrorismoaren biktima zirenaren aitortza eskatu bazuten ere, ez zuten jaso.