GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur bete dira 43 urte Bob Marley mitikoa zendu zenetik

1981eko maiatzaren 11n hil zen Bob Marley, jamaikar musikari eta rastafari mugimenduaren ikonoa. Minbizia zuen eta tratamenduari uko eginda, 36 urte zituela hil zen, mito bilakatuz.

Bob Marley. (EUROPA PRESS)

36 urte baino ez zeuzkan Bob Marleyk duela 43 urte hil zenean. Jamaikarra musikari ospetsua zen artean eta hil ostean mito ere bilakatu zen. Estatu Batuetako platino diskoa irabazi zuen hamar aldiz, eta mundu osoan 20 milioi kopiatik gora saldu zituen. Besteak beste, ‘No woman, no cry’, ‘Buffalo Soldier’ edo ‘Iron Lion Zion’ bezalako kantek egin zuten mundu zabalean ezagun.

Musikari gisa lortutako ospeak eragiteko gaitasun handia eman zion eta rastafari mugimendua ezagutzera eman zuen. Izan ere, ezkondu ostean Estatu Batuetara joan zen bizitzera, eta Jamaikara itzultzean erabat barneratuak zituen bere erlijio eta kultura. Ordutik, bere sinismenak kantetan gehiago islatzen hasi zen.

The Wailers taldea sortu eta lehen diskoa kaleratzean, sekulako arrakasta izan zuen eta Britainia Handia eta Estatu Batuetan zehar bira egiteko aukera izan zuten. Hasierako taldea desegin eta kide berriak batutakoan, kanta berrietan gai gehiago jorratzen hasi ziren: maitasuna, kritika soziala edota iraultza politikoa eta espirituala, esaterako. Bakearen eta eskubideen defentsan Jamaikan eman behar zuen kontzertu batean tiro egin zioten, nahiz eta ez zuten larriki zauritu. Horren ostean mundu osotik bira hasi zuen, bere mezua zabalduz.

1977an melanoma bat aurkitu zioten azalean, baina ez zuen tratamendurik jaso nahi izan, eta horrek burmuineko eta biriketako minbizia eragin zion azkenean. Urte batzuetan birak egiten jarraitu zuen, 1980an oso gaixorik jarri zen arte. Urtebete geroago hil zen, maiatzaren 11n.