13 MAI 2024 Gaur X urte Duela bost urte hil zen Doris Day, urrezko Hollywoodeko ikonoetako bat Doris Day, hainbat hamarkadatan AEBko biztanleak txunditu zituen aktorea, orain bost urte hil zen. Hollywoodeko izarrak 97 urte zituen, ‘The Man Who Knew Too Much’ filmean lan egin zuen eta Oscarrerako izendatu zuten ‘Pillow Talken’ egindako paperagatik. Doris Day, 1957ean. (WIKIMEDIA COMMONS) Amaia Ereñaga Doris Day Hollywoodeko 1950eko eta 1960ko hamarkadetako izar ospetsuenetakoa izan zen, zalantzarik gabe. Bere telebista saio propioa izan zuen, eta hainbat pelikulatan lan egin zuen, hala nola ‘Love me or leave me’, ‘On moonlight Bay’, ‘Lover come back’ eta ‘Pillow Talk’, zeinak Oscarrerako lortu zuen izendapen bakarra ekarri baitzion.Day Carmel Valleyko (Kalifornia) bere etxean hil zen. «Egoera fisiko ezin hobean zegoen bere adinerako, harik eta, duela gutxi, hiltzera eraman zuen pneumonia larri bat hartu zuen arte», adierazi zuen jakinarazpen batean Doris Day Animal Foundation-ek. Benetako izena Mary Ann Von Kappelhoff zuen eta 1922ko apirilaren 3an jaio zen Cincinnatin (Ohio). 15 urte zituela abiatu zuen bere ibilbide profesionala, kantari gisa. Les Brownen taldearekin lortu zuen lehen arrakasta. ‘Qué será, será’ kantarekin ikonikoa bihurtu zen eta Cary Grant, James Stewart eta Frank Sinatraren zinten protagonista izan zen, besteak beste, Hollywooden urrezko urteetan. 50eko eta 60ko hamarkadetako zinemako izar handienetako bat izan zen, eta, gaur egun ere, historiako aktorerik arrakastatsuenetzat hartzen da. Baina bere ibilbidea Rock Hudson-i lotuta dago batez ere, bikote honek genero propio bat sortu zuelako zineman, bikoteen komedia, alegia. «Uste dut jendeari gure filmak gustatzen zitzaizkiola ohartzen zelako gu biok asko maite genuelako elkar. Pantaila zeharkatzen zuen zerbait zen. Lagun handi bat zen», adierazi zion aktoreak ‘People’ aldizkariari 2015. urtean. Hudsonen homosexualitatea estaltzeko egiten ziren filma haiek, dena den. 1959an Oscarrerako izendatu zuten, ‘Pillow Talk’ Michael Gordonek zuzendutako komedia erromantikoari esker, eta 1968an egin zuen zinemarako azken lana.