GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

San Kristobal gotorlekuko ihesa duela 86 urte gertatu zen

Mundu osoko inoizko preso-ihesaldi handienetariko bat gaur 86 urte gertatu zen Euskal Herrian, Ezkabarteko Ezkaba mendiaren gainean dagoen San Kristobal gotorlekuan. 1938ko maiatzaren 22an gertatu zen eta 795 presok ihes egin zuten.

Omenaldia egiten zaie urtero hildakoei. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

795 presok San Kristobal gotorlekuan zegoen espetxetik ihes egin zuten duela 86 urte, 1938ko maiatzaren 22an. Nafarroan gertatu zen, Ezkabarteko Ezkaba mendiaren gainean baitago gotorlekua, eta mundu osoan inoiz izandako preso-ihesaldi handienetariko bat izan zen.

1938an 2.487 pertsona zeuden preso San Kristobal gotorlekuan, batik bat sindikalistak eta errepublikazaleak. Ihesaldia 30 presok antolatu zuten eta afarian hasi ziren, zaindariak sakabanatuta zeudelako. Taldeka antolatu ziren zaindariei armak kentzeko. Ondoren guardiak afaltzen ari ziren tokira joan ziren eta liskarrean zaindarietako bat hil zuten. Garitetan zeudenak ere errenditu egin ziren eta ordu erdira presoek espetxea bereganatu eta handik kanpora atera ziren.

Iruñetik bueltan zetorren soldadu bat gertatutakoa ikusi eta mendian behera jaitsi zen abisua emateko. Angel Alcazar de Velasco preso falangista ere gertatutakoaz abisatzera joan zen. Militarrak iritsi zirenean, ihes egitekoak ziren batzuek asmoa alde batera utzi zuten, baina goizeko ordu biak eta erdietan egindako zenbaketan 1.692 baino ez zeuden, beraz, 795 falta ziren.

Ia erresistentziarik gabe harrapatu edo hil zituzten alde egin zuten presoak. Biharamunean 259, 24an 445, eta hurrengo egunetan gutxiago. Azkena abuztuan harrapatu zuten eta hainbeste denbora mendian pasa ondoren ‘Tarzan’ ezizena jarri zioten.

211 iheslari hil zituzten guztira eta harrapatutako 16 buruzagitzat jo zituzten eta epaitu egin zituzten. Hamalau Iruñean fusilatu zituzten.