26 MAI 2024 Gaur X urte Duela 180 urte Jacques Laffitte bankari eta politikari baionarra hil zen 1844ko maiatzaren 26an Baionan jaiotako Jacques Laffitte bankari eta politikaria zendu zen, gaur 180 urte. Hamargarren lehen ministro frantsesa izan zen, Estatu frantseseko kargurik gorenena. Horren aurretik, Frantziako Bankuaren burua izan zen ere. Jacques Laffitteren erretratua. (Wikimedia Commons) GAUR8 Gaur 180 urte Jacques Laffitte bankari eta politikari baionarra hil zen, 1844ko maiatzaren 26an, 76 urte zituela. Frantziako Bankuko burua izateaz gain, Frantziako Ministro Kontseiluaren presidentea izan zen ere, hilabete batzuez, 1830ko azarotik 1831ko martxora arte. 1767an jaio zen Baionako Ttipia auzoan, orduan Maubec izeneko kaleko etxe batean, gaur egun Trinket karrika. Hamabi urte zituela arotz-ikastun bihurtu zen bere aitarekin eta gero Baionako notario baten hirugarren idazkaria izan zen eta hamalaurekin tratulari baten zerbitzuan hasi zen. 1788an, 21 urterekin, Parisera joan zen bankari baten morroi bezala aritzeko. Bankuen munduan aritzeko trebetasun handia erakutsi zuen eta ardura handiagoak eman zizkioten. 1800. urtean banku horren bazkide egin zuten eta 1804an bankuaren zuzendari bilakatu zen. Banku horrek, Perregaux izenekoak, eskuratu zuen garrantzia zela eta, Frantziako Bankuko buru (1809an) eta gobernadore (1814an) izendatu zuten. Urte horretan bertan Merkataritza Ganberako presidente izendatu zuten ere. 1816an Parisko diputatu hautatu zuten, eta Luis XVIII.a eta Carlos X.aren gobernuen aurkako oposizio liberaleko buruetako bat izatera igaro zen. 1830eko Iraultzaren sustatzaileetako bat ere izan zen, eta Luis Felipe Orleansekoa errege izatearen alde egin zuen. 1830eko azaroaren 2an Lehen Ministro izendatu zuten.