27 MAI 2024 Gaur X urte Jokin Altunak Buruz Burukoan bere lehen txapela jantzi zuen 2018an 2018an lehenengo aldiz irabazi zuen Buruz Buruko Txapelketa Nagusia Jokin Altunak, finalean Olaizola II.a 22-14 mendean hartuta. Egun hori lehenago ala beranduago iritsiko zela espero izatekoa zen arren, ustekabea izan zen hain azkar gertatzea. 2021ean lorpena errepikatu zuen amezketarrak. Jokin Altuna Aimar Olaizola eta Joseba Ezkurdiarekin, 2018an Buruz Buruko txapeldun izan zenean, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU) GAUR8 Lau urte ere ez ziren igaro 1996an Amezketan sortutako Jokin Altunak profesionaletan debutatu zuenetik, San Juan Egun batez, Titin III. handiaren aurka, Eibarko Astelenan. Baina 2018ko maiatzaren 27an, ezustean finalera iritsi, eta Aimar Olaizolari 22-14 irabazi zion. 22 urteko gaztea suziri bat bezala joan zen gora, eta 29 urteren ondotik Buruz Buruko txapela Txindokiren magalera itzuli zen, 1989an Joxean Tolosak Julian Retegiri irabazi baitzion Atano III.ean. Kasualitatea da urte hartan inauguratu izana Amezketako Larrunarri pilotalekua, Altunak hainbeste ordu jokatzen eman dituena. 2021ean, balentria errepikatu zuen Altunak. Gainera, Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusia ere irabazi zuen urte berean. Txikitatik nabarmendu izan da Aspe enpresarekin aritzen den aurrelaria, erasoko joko ikusgarria baitu, oldarkorra, irudimentsua, intuiziozkoa; ez du oso kolpe bortitza, baina kolpe mota guztiak teknika apartaz egiten ditu, eta eskuinez jotzen duenean bizi ateratzen zaio pilota. Aipatutakoez gain, beste hainbat garaikur esanguratsu ditu: kaiolan 2017an eta 2020an ere txapeldun izan zen. Eta 2022an, Binakako Txapelketa Nagusian gailendu zen, Martija atzelaria lagun. Txapeldunorde ere izana da makina bat aldiz.