GAUR8 - mila leiho zabalik

«Bakean hezteko gakoak» eta Sahara eta Palestinaren inguruko esperientziak Gasteizen, Heziketa Topaketan

Asteazkenean (hilak 29) VII. Heziketa Topaketa egingo dute Gasteizen, hezkuntzak bakearen eraikuntzan duen gaitasunaz hausnartzeko. Mendebaldeko Sahara eta Palestinarekin lotutako zenbait esperientzia aztertuko dira jardunaldian.

Palestinaren aldeko mobilizazioa Bilbon, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak eta eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak VII. Heziketa Topaketa egingo dute asteazkenean, maiatzaren 29an, Gasteizko Berritzegune Nagusian. Hezkuntzaren bidez bakea nola jorratu azalduko da eta Mendebaldeko Saharari, Palestinari edo EAEri lotutako esperientziak partekatu dira bertan.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, gerrek ikasleen egunerokotasunean duten eragina izango da mahai gainean jarriko duten galderetako bat. Era berean, hezkuntza komunitateak izan behar duen rola izango da hausnarketarako beste gai bat.

«Konplexutasun eta ziurgabetasun handiak dituen mundu honetan bakearen kulturak oso rol garrantzitsua du gure garaiko erronkei aurre egiteko. Desberdintasun soziala, larrialdi klimatikoa edo gerraren gorakada bezalako erronkei aurre egin behar diegu. Horren aurrean, hezkuntza erabakigarria da bakea sendotzeko eta gizartea eraldatzeko», azaldu dute.

Heziketa Topaketa bakearen kultur hezkuntza eraldatzailerako aurkezpenarekin eta testuinguruaren kokapenarekin hasiko da, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz elkarteko zuzendariaren eskutik.

Amaia Goenaga Gogora Institutuko teknikariak memoria, bizikidetza eta giza eskubideen inguruan landutakoa aurkeztuko du, eta Lur Olabarri hezkuntza aholkulariak bizikidetza positiboa eta aniztasunerako espazio seguruak eta heldulekuak sortzeko garrantziaz hitz egingo du.

Ondoren, hainbat ikastetxek eta GKEk beren esperientziak aurkeztuko dituzte: Gloria Guzman Hegoa Institutuko kideak giza eskubideen eta Mendebaldeko Sahararen arteko lankidetza lana aurkeztuko du, Blanka Ruizek eta Oihan Martirenak hezkuntza eremuko gatazken kudeaketan zapalduen antzerkiaren erabilera azalduko dute, Macarena Arrieta UNRWA Euskadiko kideak komikiaren bidez kultura eta genero estereotipoekin nola hautsi azalduko du, eta Maialen Azkarraga Otxandioko eskolako irakaslea Bizikasi programaz arituko da.

Gida pedagogikoa argitaratu dute

Bestalde, eLankidetzak gida pedagogiko bat argitaratu du Maria Oianguren eskutik, hezkuntza eraldatzaile baterako bakearen kultura lantzeko. Gidarekin bideo bat dator, non gizarte baketsuak sortzeko hezkuntza zein garrantzitsua den azaltzen den.

eLankidetza eta Lakuako Hezkuntza Sailak urtero antolatzen dute Heziketa Topaketa. Helburua da hezkuntza munduko eta GKEetako eragileen arteko trukea sustatzea, gizarte eraldaketarako hezkuntzan lan egiteko esperientziak partekatzeko.

eLankidetzak ikus-entzunezko materiala eta gidak argitaratu ditu, besteak beste, parte hartze inklusiboa, hezkidetza edo teknologien erabilera inklusiboa lantzeko.