28 MAI 2024 ‘Fotciencia20’, zientziari lotutako irudiak biltzen dituen erakusketa, Tabakaleran dago ikusgai ‘Fotciencia20’ eta eskala nano, mikro eta makroskopikoko bere 49 irudi onenak Donostian egongo dira ikusgai ekainaren 23ra arte. Bere 20. urteurrenean, Euskal Herrian inauguratu da lehen aldiz zientziaren begirada artistikoa bultzatzen duen ekimena. Irudian, Concepcion Hernandez Castillo, Lola Molina Fernandez eta Isabel Maria Sanchez Almazo egileen ‘Biosentsoreak’. (Fotciencia) GAUR8 Ekainaren 23ra arte ‘Fotciencia20’ erakusketa bisitatu ahal izango da Tabakaleran, 4. solairuan. Ia 50 irudik osatzen dute zientziarekin lotutako argazki bilduma berezia. Nano, mikro eta irudi makroskopiko horiek ez dira soilik edertasunagatik nabarmentzen, haietako batzuk duten inpaktuagatik eta gertakari zientifikoak islatzeko gaitasunagatik izan dira aukeratuak. Era horretara, musker baten enbrioi baten eklosioa, brokoliaren simetria edo tunel efektuko mikroskopio batek atzemandako erradikal aske bat dira saritutako irudien protagonistetako batzuk. Zientziako Ikerketen Kontseilu Gorenak (CSIC gaztelaniazko izendapenean) eta Zientzia eta Teknologiako Espainiako Fundazioak bultzatuta, 20. urteurrena ospatzen duen erakusketa aurten Euskal Herrian inauguratzen da lehen aldiz. Urtero egiten den ekimena da Fotciencia, «irudiaren bidez zientzia herritarrengana hurbiltzeko» asmoz. Erronka horretan, arteen, zientzien eta gizartearen egunerokoaren elkargune dira hautatutako irudiak. Izan ere, antolatzaileek nabarmentzen dutenez, «puntako zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketa bultzatzen duen argazki-bilduma liluragarria da». Pasa den ostiralean inauguratu zuten erakusketa hamar argazki onenen egileen eta erakunde sustatzaileetako ordezkarien parte hartzearekin. Euskal Herrian ikusgai izan ondoren, Estatu espainolean jarraituko du ibilbidea.