31 MAI 2024 Berdinki Zirkua konpainiaren ‘Leinua’ hautatu dute Getxoko Juana Bizkarra Egoitza Artistikoan Gurasotasuna, rolak, hazkuntza, beldurrak eta desioak kontatzen ditu Berdinki Zirkua konpainiak sortutako ‘Leinu’ lanak. Getxoko Juana Bizkarra Egoitza Artistikoaren laugarren edizioan hautatutako lana da, eta irailean estreinatuko dute Muxikebarrin. Berdinki Zirkua konpainiaren ‘Leinu’ lana irailean aurrestreinatuko dute. (Getxoko Kultur Etxea) GAUR8 Getxoko Juana Bizkarra Egoitza Artistikoaren laugarren edizioko epaimahaiak Berdinki Zirkua konpainiak sotutako ‘Leinu’ proiektua aukeratu du. Ikuskizuna irailean estreinatuko da Muxikebarrin. Aurreratu dutenez, gurasotasuna eta hazkuntza egungo ikuspuntu batetik jorratzen du lanak, akrobaziak, dantza eta antzerkia bezalako modalitate artistikoak uztartuz. Proiektuak 40 urte betetzear guraso izan nahi duen bikote baten istorioa kontatzen du. «Haurrak izateko desioak, zalantzak eta beldurrak krisi egoera batera eramango dituzte eta orain arte ezezaguna zen egoera batean jarriko ditu», aurreratu dute tramaren inguruan. «Ondorengotzerekiko giza obsesioa» edota «bizitzeari uzten diogunerako arrastoa utzi beharra» lanak islatzen dituen sentimenduetako batzuk dira. Horregatik, egoeran nahasten diren gurasotasun-formulak, rolak eta asmo profesional eta pertsonalak betetzeari uko egin behar izatea bezalako egoerak lantzen ditu ‘Lienu’-k. Getxoko Kultur Etxeko teknikariekin batera, Sofia Alforja Sagone Dantzagunea Gipuzkoako koordinatzaileak eta Xanti Val Zabaleta Lezoko Udaleko Kultura arduradunak osatu dute egonaldiaren laugarren edizio honen epaimahaia. Hautatutako lanak 10.500 euroko dirusarrera jasoko du eta irailaren 19an eta 20an izango du estreinaldia Muxikebarrin. Aurre estreinaldiaren aurretik, irailaren 18an, entsegu irekia egingo du Berdinki Zirkuak. Aurre estreinaldietarako zein entsegurako sarrerak Muxikebarriko leihatilan eskuratu ahal izango dira, baita Romo Kultur Etxean ere, uztailaren 29tik aurrera.