03 JUIN 2024 Gaur X urte Benetako azken pinguinoak desagertu zirenekoa Egun pinguino izenez ezagutzen dugun animalia, ez da «benetako pinguinoa», animalia hori desagertu ondoren antzekotasunagatik bere izena hartu duena, baizik. Hala ere, ez dute gertuko ahaidetasunik. Gizakiak lehendabizi jateko ehizatzen zituen, eta ondoren burukiak egiteko. Gaurko egunez hil zituzten azken aleak. Benetako pinguinoak aspaldi desagertu ziren, baina erakusketa baterako eraiki dituzte. (Wikimedia) GAUR8 Norbaiti esango bagenio pinguinoak desagertu egin direla, pentsatuko luke klima-aldaketaren etorkizuneko mehatxuez ari garela, edo, besterik gabe, fikzioa dela. Baina egia da: gaur egun pinguinoak deitzen ditugunek izen hori hartzen dute jatorriz izen hori jaso zuen animaliarekin duten antzekotasunagatik —nahiz eta euren ahaidetasuna urrunekoa baino ez izan—. Gaur egun dugun ikuspegiaren kontrara, benetako pinguinoak ez ziren Antartikan bizi, Artikoan baizik, eta XIX.mendearen erdialdean desagertu ziren, alka erraldoia edota Pinguinus impennis bezala ezagutuak. Zehazki, 1844an hil zuten espezie horretako azken bikotea, Pinguinus generoa betiko iraungiz.Historiaurreko garaian, benetako pinguino deiturikoa ipar Atlantikoko kostaldetik hegoalderantz hedatzen zen, Amerikan Florida eta Bermudetaraino, Europan Mediterraneo eta Madeiraraino, eta eskualde horietako batzuetan ere badira aztarnak gaur egun. Garai historikoetan, gainbehera joan zen Europan animalia hau. Hezur gehienak janari-hondarren sedimentuetan aurkitu dira, eta horrek agerian uzten du zein izan zen hegazti horiekin gizakiak izandako harreman nagusia: jan egiten zituzten. Baina, bitxia bada ere, garai modernoagoetan, burkoak egiteko lumatxak izan ziren ehizaren arrazoi nagusiak. Eta horrela, adituek kalkulatzen dute milioika izaki joan zirela kontinente europarretik desagertuz, XVI. mendearen erdialdean.