11 JUIN 2024 Euspot lehiaketak badu irabazlea: ‘Izan burua, altxa burua’, Arrasatetik Oihan Loiti Iraola arrasatearraren ‘Izan burua, altxa burua’ iragarkiak irabazi du Euspot euskarazko spoten lehiaketaren azken edizioa. ‘Telefono mugikorrak eta adin txikikoak’ zen gaia, eta «arrakasta ‘like’-etan» neurtze hori aipatzen du lanak. Lanak ikusgai daude webgunean. Euspot lehiaketaren sari banaketa, irudian. (Euspot) GAUR8 Euspot euskarazko spot lehiaketak irabazleak aukeratu berri ditu. ‘Izan burua, altxa burua’ spotak jaso du lehen saria, sakelako telefonoen erabileraren gaineko gogoeta proposatzen duena. Izan ere, ‘Telefono mugikorrak eta adin txikikoak’ izan da aurtengo edizioak aukeratutako gaia. Hortik aurrera, 30 segunduko spota osatzea zen erronka. Oihan Loiti Iraola arrasatearrak sinatzen du lan irabazlea, eta «kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna» bereziki baloratu dituztela azaldu dute antolatzaileek. 1.000 euro jaso ditu egile gazteak. Mondragon Unibertsitateko ikasleentzako sari berezia (500 euro) Unai Cambrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeletaren ‘Distrakzioaren Adikzioa’ lanarentzat izan da, eta Publikoaren Saria, ‘Gora begira mundu berria’ iragarkiak eraman du. Julen Calderon Soriak, Garazi Prieto Fernandezek eta Zaloa Garcia Rodriguezek aurkeztutako lana da. Musika sinkronizazio onenaren saria ‘Distrakzioaren Adikzioa’ lanarentzat izan da; 18 urtetik beherakoei zuzendutako Gazteen Saria ‘Heldua zu zara, heldutasunez jokatu’ spotak jaso du, eta ‘Zuk zeuk erabaki’ lanak Arizmendiko ikasleen spotik onenari emandako saria eskuratu du. Parte hartze handia Euspoten azken edizio honek izan duen parte hartze handia nabarmendu dute antolatzaileek. Guztira, 87 spot izan dira, eta horietatik 60 lan 18 urtetik beherako partaideek aurkeztu dituzte. Beste datu bat eman dute antolatzaileek: 800 boto baino gehiago jaso dira Publikoaren Saria erabakitzeko atalean. Euskal Herriko herrialde ezberdinetako lanak jaso dira, gainera. Euspotek ikus-entzunezko publizitatearen gainean eskaintzen dituen formazio saioetan, bestalde, 500 lagun ibili dira aurten. Azpimarratu dutenez, azken urteetan 4.500 ikasle baino gehiagok jaso dituzte gazteen artean sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea helburu duten saio horiek. Sari banaketa Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egin zen pasa den ostiralean, Nahia Sillero aktoreak aurkeztuta. Artexabaletako Udalak, Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateak eta Arizmendi Ikastolak antolatzen dute Euspot lehiaketa, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin eta Bai Euskarari Elkartea eta Music Libraryren laguntzarekin. Lehiaketara aurkeztutako spotak Euspoten webgunean daude ikusgai.