GAUR8 - mila leiho zabalik

Garapenerako lankidetzan prestatzeko lau beka emango ditu eLankidetzak

Garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka emango ditu eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak. Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea uztailaren 15ean itxiko dute.

Lakuako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak emango ditu profesional espezializatuak prestatzeko lau bekak. (eLankidetza)

Lakuako Exekutiboko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren barruan dagoen eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak lau beka emango ditu garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko.

Espezializazioak honako arlo hauetan izango dira: generoa eta garapena, ekintza humanitarioa, gizarte eraldaketarako hezkuntza eta giza eskubideen, pertsona, erakunde eta komunitate defendatzaileak babestea.

Agentziatik jakinarazi dutenez, bekak lehiaketa prozeduraren bidez esleituko dira. Bete beharreko baldintzen artean daude, besteak beste, gehienez 28 urte izatea 2024ko urtarrilaren 1ean, unibertsitate ikasketetako titulazio ofiziala izatea eta gutxienez urtebeteko esperientzia izatea lankidetzaren arloan edo gizarte eraldaketarako hezkuntzan.

Bekek hamabina hilabeteko iraupena izango dute eta eLankidetzaren Gasteizko egoitzan egingo dira. Bakoitzaren zenbatekoa 20.000 euro gordin izango da, eta urtean zehar bekadunak bere formakuntza planarekin zerikusia duten ikastaro, jardunaldi edo mintegietara joateko aukera izango du.

Lankidetza eragileak sendotzeko

Bekaren helburua da gazteen prestakuntza sustatzea lankidetzaren eta elkartasunaren esparruan, eta, horretarako, eLankidetza bezalako espezializaziorako aukera ematen duen espazio estrategiko bat eskaintzea. Era berean, gazteak euskal sektore horretan inplikatu nahi dira lankidetza eragileak sendotzeko.

Eskabideak eta eskatutako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztu beharko dira, www.elankidetza.euskadi.eus webguneko deialdien atalean edota www.euskadi.eus webgunean. Epea uztailaren 15ean bukatuko da.

2000. urteaz geroztik, 77 emakumek eta 26 gizonek baliatu dituzte profesionalak lankidetzan espezializatzeko bekak, eta prestakuntza hori erabakigarria izan da sektoreko lan merkatuan sartzeko orduan.