17 JUIN 2024 Gaur X urte Oteizaren apostoluak, Arantzazuko frisoan 55 urtez Jorge Oteizak egindako apostoluek Arantzazuko frisotik begiratzen digute duela 55 urtetik. Obrak polemika handia eragin zuen 50 eta 60ko hamarkadetan. Aipatzekoa da hamabi izan beharrean, hamalau apostolu direla. Jorge Oteizak egindako apostoluak Arantzazuko frisoan. (Raul BOGAJO | FOKU) GAUR8 Gaur 55 urte, Arantzazuko basilika Euskal Herriko oroimenerako leku nagusi bihurtu zuen lan artistiko polemiko bat amaitu zen. 1969ko ekainaren 17an Jorge Oteizaren 14 apostoluak basilikako frontispizioan kokatzen amaitu zuten, areka batean hamarkada bat baino gehiago abandonatuta egon ondoren. 1950. hamarkadan hasitako proiektua izan zen. Pablo Lete frantziskotar probintzialak baseliza erreformatu eta erromes gune nagusi bilakatu nahi zuen Arantzazu. Horretarako, garaiko artista ezberdinez baliatuz. Arkitekturarako Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorgarena aukeratuak izan ziren. Baina eskulturarako Jorge Oteiza eta Joaquin Lucariniren artean lehiaketa bat antolatu zen, Oteizak irabazi zuena. 1952an Pablo Lete hil zen eta elizaren sektore atzerakoienek proiektuari traba asko jarri zizkioten. Arte sakratuko batzorde batek Vatikanoko agintariei kontsulta egin zien, eta horrek Oteizaren obra ezin zela arte erlijiosotzat jo esan zuen. 1954an obrak bertan behera utzi ziren eta Oteizaren apostoluak, erdi landuak edo harri blokeetan, errepide bazterrean geratu ziren utzita. 1968an proiektua bepiztu egin zen. Oteizak berriro lanari ekin zion eta eta 1969ko ekainaren 12tik 17ra bitartean apostoluak Arantzazun jarri ziren. Hilabete batzuk geroago, urriaren 21ean, Pietatea jarri zen fatxadaren goialdean.