21 JUIN 2024 Paleolitiko labar-arteak helburu ezberdinak zituela iradokitzen du ikerketa batek EHUko eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek egindako azterlan batek Paleolitiko labar-arteak helburu eta funtzio ezberdinak zituela iradokitzen du. Ikusteko eginak izan ziren margoak eta kokapen ezkutuago bat dutenak aztertu dituzte, adibidez. Irudian, Ekain kobako margoetako bat. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek argitaratu berri duten ikerketa batek Paleolitiko labar-arteak funtzio anitza zuela iradokitzen du, ezaugarri espazialak eta ikonografikoak kontuan hartuta.Ikerlanean, Madeleine aldiriko labar irudiak (duela 18,5 eta 13,5 mila urte bitartekoak) lau klusterretan biltzen direla egiaztatu ahal izan dira. Santimamiñe (Bizkaia), Ekain (Gipuzkoa) eta Etxeberri (Zuberoa) moduko euskal kobazulo apainduetan bildutako informazioarekin irudi multzo ezberdinak identifikatu dituzte: «batzuk ikusiak izateko sortuak izan ziren, hainbat teknika erabiliz eta ikusgarritasun, irisgarritasun edo pertsonak hartzeko gaitasun oneko kokapenak hautatuz; beste batzuk, berriz, kontrakoa bilatzen zuten.«Erabilitako tekniken eta kobetan duten kokapenaren arteko korrelazioa ere badago, agian baliabideak aurrezteko. Sarreretatik hurbilen zeuden eremuetan irudiak egiteko denbora gehiago hartu zuten bitartean, eremu sakonetan, berriz, irudiak azkar egitea nahiago izan zuten, agian lurrazalera onik itzultzeko erregaia ziurtatzeko. Datu horiek Madeleine garaian haitzuloetako sektore sakonetarako erabilera desberdinak egon zirela babesten dute», adierazi dute ikerketaren egileek. Kokapena eta ikusgarritasunaKokapen eta ikusgarritasunaren araberako bi irudi talde bereizi eta ezberdintasunak eta funtzioak aztertu dituzte. Ikerketaren egileek planteatzen dutenez, «batzuetan, eszenaratzea zaindu zen, eta komunikazio-helburu bat iradoki zen (ikusiak izateko egin ziren); beste batzuetan, berriz, guztiz kontrakoa bilatu zen (ezkutuko eta oso ikuspen gutxiko irudiak dira, oso sarbide zaileko zonalde sakonetan kokatuak». Adituen ustetan, horrek iradokitzen du bigarren taldeko irudi horietan «bakarrik marrazketa zela garrantzitsua eta ez gizarteak hauek ulertzea».Lehenengo taldeko irudiei dagokienean, «azalpen xamaniko batek onargarria dirudi: helduek egindako adierazpen grafikoak dira (mihise altuetan kokatzeagatik), ikusgarritasuna errazten zuten eremuetan egindakoak, ziurrenik kontakizunekin batera, pertsona kopuru ertainak edo handiak har lezaketen espazioetan baitaude». Bigarren taldeak «beste arrazoi batzuei erantzuten diela dirudi, hala nola igarotze-errituei. Ohikoa da irudi horiek (irudi ‘ezkutuen’ klusterra) lurretik gertuago dauden eremuetan aurkitzea, baita beste aukera batzuk zeudenean ere». «Horrek gazte edo haurren presentzia iradoki lezake irudien egile bezala, testuinguruko beste elementu batzuetatik ateratako informazioarekin bat eginez (haur eta nerabeen oin biluzien aztarnak, hatzekin egindako marren tamaina, eta abar)», diote ikertzaileek.Beste kluster bat, «Madeleine aldiko gizarteek buztinean grabatutako elementuek eta egindako eskulturek osatzen dute, haitzuloetako eremu sakon eta ezkutuenetan bakarrik aurkitu ohi direnak». Kontzienteki hartutako erabakia Ikertzaileen arabera, «sarbide zaileko eremuetan kokatzeak kontserbazio-gaiei erantzun diezaiekeen arren (hain hauskorrak diren elementu grafiko hauen babesa, esaterako, onargarriagoa dirudi sarbide zaileko eremuetan), historiaurreko bisitaren ondoren itxi egin ziren beste kobazulo batzuetan (adibidez, Erberua, La Garma, Fontanet, etab.) patroi hori errepikatzeak iradokitzen du aurrez pentsatutako eta kontzienteki aukeratutako erabaki kultural bat izan zela».Zeinu abstraktuek osatzen dute azken taldea, «labar-arte figuratiboak (animaliak eta/edo gizakiak irudikatzen dituena) desberdin jokatzen dutela diruditenak, eta ausaz agertzen dira apaindutako haitzuloan zehar». Adituek nabarmendu dute mota horretako irudi gehiago sartu behar direla (Armintxe, El Pindal edo Cullalvera bezalako kobazuloetan daudenak) baliozko estatistika-inferentziak ezartzeko».