23 JUIN 2024 Gaur X urte Leinu gerren suak Arrasate suntsitu zuen 1448an Gaur dela 576 urte, 1448ko ekainaren 23an, ganboatar eta oinaztarren arteko gerrak goia jo zuen Arrasaten. Herria hartu nahian, oinaztarren defentsak gainditu ezinik, ganboatarrek su eman zioten eraikin guztiei. Abendaño, Gebara, Butroe edo Untzueta bezalako leinuak hartu zuten parte. Arrasateko Udaletxearen artxiboko irudia. (ARRASATEKO UDALA) GAUR8 XIV. eta XV. mendeak gogorrak izan ziren Euskal Herrian. Gizartea bi leinu edo bando nagusitan banatuta aurkitzen zen: Oñaztarrak eta Ganboatarrak. Eskualde askotan zeuden lehiak eta, noizean behin, bi bandoak bataila basatietan borrokatzen ziren herri baten kontrola lortzeko. Lope Garcia de Salazar kronistak ‘Bienandanzas e fortunas’ liburuan azaldu zuenez, XV. menderen lehen erdian gatazka biziak izan ziren hainbat herrietan: Mungia, Larrabetzu, Otxandio, Durango, Aramaio... Arrasaten ere bi aldeen ordezkariak zeuden, Guraia familia Oñaztarrekin lerrokatuta zegoen eta Bañez ganboatarrekin. Zatiketa hau nabaria zen herriko bizitzan, eta bakoitzak bere alkatea, erietxea, junta eta kofradia zuen eta haien arteko iskanbilak ohikoak ziren. Tentsio egoera horrek 1448ko ekainean jo zuen goia. Bañeztarrak irabaz zezaten, Petri Velez Gebarakoak, Oñatiko jaun eta ganboatarren buruetako batek, laguntza eskaini zien eta tropak mobilizatu zituen. Hori ikusita, eta inguruan laguntza eskasa zuela jabetuz, Guraiatarrek Bizkaiko Uribeko eskualdean oinaztarren buru zen Gomez Gonzalez Butroe Muxikari laguntza eskatu zion. Butroetarren gidaritzapean oinaztarrak Arrasaten sartu, kontrola hartu eta ganboatarrak kaleratu zituzten. Baina liskarra ez zen hor bukatu. Ganboatarrek esfortzuak biderkatu zituzten eta Bizkaian bandoaren buru zen Pedro Abendañotarraren eta Martín Ruiz Ganboa Olasotarraren laguntzari esker 2.000 borrokalari inguruko indarra osatzea lortu zuten. Arrasate bereganatzen saiatu ziren, baina ez zutenez lortu, herriari su eman zioten oinaztarrak aterarazteko asmoz. Gómez González Butroe irten zenean, ganboatarrek hil egin zuten. Arrasatek su hartu zuen eta oso eraikin gutxi geratu ziren zutik. Leinu gerren gainbehera Gertaera honek oihartzun handia izan zuen, eta Gaztelako erregeak, Joan II.ak, erantzuleak zigortzeko agindu zuen. Horrelako basakerien ondorioz, leinuak gero eta botere gehiago galtzen joan ziren, eta mendearen amaierarako ia amaitu ziren bando-gerrak. Lurraldea baketu egin zen, eta horrek merkataritzari eta hiribilduei mesede egin zien.