01 JUIL. 2024 Gaur X urte Gaur 50 urte hil zen Juan Domingo Peron, peronismoaren sortzailea Juan Domingo Peron (1895 - 1974) militar eta politiko argentinarra hil zen gaur bezalako egun batean duela 50 urte. Berak sortutako mugimendu politikorik gabe, bere argi-ilunekin, ezin da egungo Argentinarik ulertuko, historialariaren esanetan. Lorratz sakona utzi baitzuen Nafarroa Beherako aitona-amonak zituen pertsonaia politiko honek. Juan Domingo Peronen argazki ofiziala, 1948eko abenduaren 18an ateratakoa. (WIKIPEDIA) Amaia Ereñaga Argentinako historiako prozesu gutxik pizten dute peronismoaren jatorria, finkapena eta iraunkortasunak sortzen duten interesa, bai Argentinan bertan baita ere nazioartean. Ziurrenik, Latinoamerikako eta munduko fenomeno historiko berezienetako bat da; polemikoa da ere, alde eta kontrako ahotsak ez baitira itzali Juan Peron bera duela mende erdi zen arren. Labur bilduta: Juan Domingo Peron (Lobos, Buenos Aires, 1895eko urriaren 8a – Olivos, Buenos Aires, 1974ko uztailaren 1a) Argentinako presidentea izan zen 1946–1955 eta 1973-1974 bitartean. Euskal jatorriko familia batetik zetorren, haren lehenengo emazte mitikoa Eva Duarte bezala. Ignacio Martin Cloppet idazlea, euskal jatorrikoa ere, ‘Los orígenes de Juan Perón y Eva Duarte’ liburuaren egilea da. Hauxe dio: «Juan Peronen birraitona Baigorrin jaio zen, Ñimiñoarena baserrian, 1819. urtean. Birramona, berriz, Bankan (Nafarroa Beherean ere), Espila baserrian, 1821ean. Eva Duarteren aitona, Francisco Uhart, Behaskane-Laphizketakoa zen (Nafarroa Beherea), Oiantto baserrikoa. 1817an jaio zen; Evaren amona Maria Manexena, berriz, 1823an jaio zen, Zuraideko Urrutia baserrian (Lapurdi)». 1943. urtean, Paronek Farrel aginpidera eraman zuen estatu kolpea bultzatu zuen, eta Lan ministro eta lehendakariorde izan zen haren agindupean. 1946an Errepublikako Lehendakari aukeratu zuten, eta peronismoa sortu zuen, agintea elizaren, armadaren, ezkerreko alderdi batzuen eta eskuin nazionalistako batzuen laguntzaz mantendu zuelarik. 1955ean erbestera joan behar izan zuen elizarekin eta armadarekin izandako arazoen ondorioz. 1973an peronistek irabazi zituzten hauteskundeak, eta berriro hautatu zuten Peron errepublikako lehendakari. Peronen pentsamendu politikoan hainbat joerak izan zuten eragina: nazionalismo katolikoak, Espainiako falangismoak eta faxismoak, baita sozialismoak ere, pentsaera aldatuz joan baitzen. Ez da ulerterreza. Felipe Pigna argentinar historialariak mugimendu honi buruzko hainbat liburu atera ditu: «Europan peronismoa ulertu nahian egin ohi den hutsik handiena zera da, peronismoa etiketatu beharra dutela, ezkerrekoa edo eskuinekoa den jakin, eta, halako mugimenduei dagokienez, kategoria horiek ez dute balio –zioen Argentinan eskaitako elkarrizketa batean–. Izan ere, Latinoamerikan, ezkerra eta eskuina ez dira Europan diren gauza bera. Peronismoa atxikimendu handiko fenomenoa da, oso indartsua. Gertatutakoak gertatuta ere, eta izandako liskarrak alde batera utzita, Peronen beila izugarri hunkigarria izan zen. Eta Peronik gabe gaurko Argentina beste herrialde bat izango litzateke. Latinoamerikako gainerako lurraldeen antz handiagoa izango zuen, zentzurik okerrenean: daukagun kontzientzia sozial hori gabe, osasunak eta hezkuntzak publikoak izan behar dutela dioen sinismen orokor hori gabe... bistan denez, peronismoak argi eta garbi markatu zuen Argentina».