GAUR8 - mila leiho zabalik

365 lagunek hartu dute parte Laudioko Bidelagun proiektuan

‘Laudio Bidelagun’ programak aurrera jarraituko du azken edizioa 365 lagunen parte hartzearekin itxi ondoren. Paseatzea bultzatzea helburu duen ekimenak gizarte-kohesioan eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioan jokatzen duen papera ere nabarmendu dute.

Paseariak, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO)

Laudioko Udalak (Araba) jakinarazi du 365 lagunek hartu dutela parte ‘Laudio Bidelagun’ programan. Ekimenak ibilaldiak eskaintzen ditu, «udalerriko aktibo komunitario askoren parte-hartzeari eta lan koordinatuari esker, eta era guztietako gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko lana eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa bultzatzen ditu», nabarmendu du.

Parte hartu duten 365 lagun horietatik emakumezkoena da kopuru handiena, 263 izan baitira, eta 102 gizonezkoak. Adierazi duenez, bertaratutakoen %21k ibilaldi bat egin dute, eta %79k gutxienez bi. Erabiltzaileen taldea osatzen dutenen gogobetetze-maila, berriz, %81ekoa izan da.

Behin datu horiek ezagututa, talde dinamizatzaile eta koordinatzaileak proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki du, eta irailaren 11n bilera ireki bat deituko da datorren ikasturteko xehetasunak zehazteko, irailaren 30ean hasiko dena.

Aurtengo ‘Laudio Bidelagun’ programaren sustatzaileak Asasam, EPA, Sartu, Batekin, Solastiar, Bakarlekuen eskola, San Rokezar jubilatuen kluba, Apdema eta Laudio Institutua izan dira. Laudioko Udalak eta Gasteizko Gobernuko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren ‘Mugiment’ ekimenak antolatu dute ekimena.