03 JUIL. 2024 Bermeoko udako liburutegia Talan egongo da aurten Gerizpean irakurtzearen xarma gozatu ahal izango dute bermeotarrak aurten, udako liburutegia Talan egongo baita. Lekualdaketa proba da, baina azaldu dutenez, beti dago Aritzatxu hondartzako bidera itzultzeko aukera. Bermeoko udako liburutegia, Talan. (Bermeoko Udala) GAUR8 Bermeoko Udalak aurten ere atera du liburutegia kalera, herritarren artean irakurtzeko ohitura sustatzeko asmoz, baina lekuz aldatu du, udako liburutegia Talan izango baita uztailaren 30era bitarte. Herritar guztiek liburuak eta aldizkariak maileguan hartu ahalko dituzte, eta liburutegiko bazkide egiteko aukera ere izango da. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, udako liburutegia 16.00etatik 19.00etara egongo da zabalik astelehenetan, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara asteartetik ostiralera, eta 11.00etatik 14.30era larunbatetan. Gainera, uztaileko ostiraletan, 12.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 18.30era, umeei zuzendutako tailerrak izango dira: 5ean, ‘Arte sortzailea’; 12an, ‘Eskulan dibertigarriak’; 19an, ‘Birzikla tailerra’, eta 26an, ‘Ipuinetako pertsonaiak’. Parte hartzeko ez da aurretiaz izenik eman beharko. Esan bezala, udako liburutegia Talan kokatu da, aurten, eta, Bitor Uriarte Anasagasti Bermeoko Udaleko Liburutegiaren eta Artxiboaren zinegotzi arduradunak esan du erabakia hartu dutela herrigunetik hurbilago dagoelako, lehen egoten zen Aritzatxurako bidean baino. Horrela, herritar gehiagorengandik hurbilago egongo dela uste du. «Tala udarako gune freskoa da, eta udaldian jende asko joaten da leku beroetatik ihesean. Ume, gazte eta nagusi askoren topagunea da. Gainera, egoteko leku bat da, eta ez igarobide bat, Aritzatxuburua den modukoa», azaldu du. Uriartek gaineratu du aurtengo lekualdaketa proba bat izango dela, eta ondo ez baldin badoa, udako liburutegia aurreko urteetako lekura buelta daitekeela, hau da, Aritzatxu hondartzarako bidera. «Beti dago aldatzeko aukera», esan du.