08 JUIL. 2024 Gaur X urte Begoñako igogailuak zerbitzua eskaintzeari utzi zion gaur 10 urte Hamarkada bete da gaur Begoñako igogailua itxi zutenetik. Ordutik metroko igogailuek ematen diete zerbitzua Bilboko auzoko bizilagunei, udalak zein Lakuako Gobernuak igogailua berriz martxan jartzeko konpromisoa hartua badaukate ere. Begoñako igogailua. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Hamar urte bete dira Begoñako igogailuak funtzionatzeari utzi zionetik, Bilboko auzo honetako bizilagunak zerbitzurik gabe utziz. Metroko igogailuak ordezkatzen du, ordutik eta behin behinean, Begoñakoak eskaintzen zuen zerbitzua. Kudeatzaileek ixtea erabaki zuten ekonomikoki bideragarria ez zela eta, eta udalak berriz irekitzeko konpromisoa hartua badu ere, oraindik ez da horrelakorik gertatu. 1947an inauguratu zuten. Ordutik aurrera, Zazpikaleak eta Begoña auzoa elkartu zituen, tartean dagoen malda igo beharrik gabe. Rafael Fontán arkitektoak diseinatu eta eraiki zuen, Aranguren familiaren enkarguz. Hormigoi armatuz eginda dago, estetika makinista jarraituz, eta XX. mende hasierako antzeko igogailu suitzarren eredua jarraitzen du. 45 metroko altuera dauka eta, beraz, Bilboko hainbat tokitatik ikusi daiteke. 2014ko uztailaren 8ko gaueko 23.00etan funtzionatzeari utzi zion, behin betiko. Nahiz eta Ascensores de Begoña S.A. enpresa emakidadunak oraindik igogailua ustiatzeko 30 urteko kontratua izan, Lakuako Gobernuari kontratua bertan behera lagatzeko eskatu zion, azken urteetan, enpresaren esanetan, bezero edo erabiltzaileen kopuruak nabarmenki behera egin baitzuen, bideragarritasun ekonomikoaren kalterako. Bilboko Udala nahiz udal batzordeko alderdi guztiak (EAJ, Bildu, PSE eta PP) igogailua mantentzearen alde agertu ziren. Begoña auzoko bizilagunek beren aldetik, igogailuak martxan jarrai zezala eta zerbitzu publikoa eta doakoa izan zedila eskatu zuten. Lakuako Gobernuak konponbideak topatzen lanean dabilela eta itxi aurretik neurriak hartuko zituela iragarri zuen. Gaur egun, ordea, bertan behera utzita jarraitzen du.