12 JUIL. 2024 Euskal Kostaldeko Geoparkeak zortzi irteera eskaintzen ditu belaontziz Zumaia eta Deba arteko flyschetik Euskal Kostaldeko Geoparkearen programazioaren barruan, proposamen berri bat dago paisaia, geologia eta historia uztartzen dituen beste hamaika jardueraren artean: zortzi irteera egingo ditu belaontziz Zumaia eta Deba arteko flyschetik. Zortzi irteera eskaintzen ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak belaontziz Zumaia eta Deba arteko flyscha ikusteko. (Euskal Kostaldeko Geoparkea) GAUR8 Euskal Kostaldeko Geoparkeak udan eskaintzen duen jarduera programa zabalaren barruan, zortzi irteera programatu ditu datorren astelehenetik irailaren 7ra Zumaia eta Deba arteko flyschetik belaontzian, bisita gidatuen programaren baitan. Geoparketik nabarmendu dutenez, proposamen «ekojasangarria, lasaia eta esklusiboa» da, Zumaiako kirol-portutik abiatuta, flysch-a ezagutzeko. «Txango hau ezin hobea da flyschaz gozatu nahi duten bisitarientzat, belaontzian egindako zeharkaldiak eskaintzen duen lasaitasunari eta ikusgarritasunari esker», planteatzen du Geoparkeak gomendio erakargarri bat emanez: «arnasa sakon hartu, begiak itxi eta Kantauriko haizeak eta kresalak bil zaitzaten utzi, paisaia eta une paregabe batean». Zeharkaldia hamaika metroko luzera duen Maya belaontzian egingo da, eta bi ordu iraungo du. Bertako marinel aditu batek gidatuko du ontzia. Irteerak astean behin egingo dira, eta bertaratuen kopurua txikia izango da (gehienez 5 pertsona); beraz, esperientzia bakarra eta baketsua izango dela ziurtatzen da. Bisita gidatuen programa osoa (itsasontziz eta oinez, kostaldean eta barnealdean) Geoparkearen webgunean eta Deba, Mutriku eta Zumaiako Turismo Bulegoetan kontsulta daiteke. Geoparkearen eskaintzaren barruan, ‘Irteera geologikoa’ bezalako proposamena dago, adibidez, «munduko gune geologiko magusietako baten sekretuak» ezagutzeko aukera ematen duena, gidari espezializatu baten azalpenak jarraituz. Era berean, bisitaldiak eskaintzen ditu Mutrikuko Arrietakua Jauregira, eta horren ondoan, kostaldeko edertasunaz gain flyscheko gune ikusgarrienak eskaintzen dituen ‘Algorri’ irteera, edota ‘Zazpi hondartzak’ izeneko proposamena, besteak beste.