12 JUIL. 2024 Pasaiako Mintzalagun proiektuak izan duen arrakasta nabarmendu dute Bigarren edizioa itxi berritan Mintzalagun proiektuak izan duen arrakasta nabarmendu dute Pasaian, euskara praktikatu eta lagunak egiteko duen balioa adieraziz. Guztira, 19 talde eta 80 lagun aritu dira, lau barrutietan. Mintzalagun proiektuko jardueretako bat, irudian. (Pasaiako Udala) GAUR8 Bigarren urtez, Pasaiako Udalak, Udal Euskaltegiak eta Txirrita AEK euskaltegiak elkarlanean antolatutako Mintzalagun egitasmoa Pasaiako lau barrutietan garatu da. Ekimenak izan duen arrakasta nabarmendu dute bultzatzaileek. Aurtengo edizioaren inguruan, Laure Re Euskara zinegotziak adierazi du «ikasturte arrakastatsua» izan dela, eta azpimarratu du «lorpenetako bat Antxon sortu den Gurasolagun talde irekia» izan dela. «Ostegunero kalean elkartu dira, Axular Plazan zehazki, eta ekarpen interesgarria egin dute gurasoek seme-alaben aurrean helduen artean euskarari eustea badagoela egiaztatzeko», azpimarratu du udal mandatariak. Boluntarioek egindako lana ere nabarmendu du. Ohar batean zehaztu dute udal iturriek 19 talde eta 80 lagun aritu direla boluntarioen bidez egiten den ekimen honetan, «urritik ekainaren bukaera arte astero biltzen». «Horietatik 59 bidelariak izan dira, hots, euren euskara hobetu nahi dutenak; eta 21 bidelagunak, hau da, euskaldun zaharrak eta ikasitako euskaldun osoak. Partaideen profilari dagokionez, 62 emakumezkoak izan dira eta batez besteko adina 54 urtekoa. Gainera, 26 partaide berriak izan dira, eta iaz bezala, euskaltegietako ikasleen eta ikasle ohien portzentaia ere oso altua izan da», zehaztu dute. Jarduera erakargarriak Patxi Azparre Pasaiako Mintzalagun egitasmoko dinamizatzaileak asteroko hitzorduaz gain, antolatutako kanpoko ekintzak azpimarratu ditu. «Zenbait kanpo ekintza ere antolatu ditugu: Euskal sukaldaritza tailerrak, ‘Txikiren’ bakarrizketa, Mater itsas-museoarekin irteera didaktikoa, ‘Gurasolagun’-entzako gozogintza-tailerra, Artikutzara bisita-gidatua eta Mintzodromoa». Azparrek gaineratu duenez, «ekintza osagarriak oso garrantzitsuak izan dira egitasmoa erakargarriagoa izateko, eta, batik bat, taldeetan sakabanatuta aritu diren partaideen arteko sarea osatzeko». Nabarmendu duten beste elementuetako bat udalerriko lau barrutietara iritsi izana da. Esan dutenez, profil ezberdinak daude barrutiaren arabera, baina «asebetetze-inkestan jasotakoaren arabera, leku guztietan ikusten dute ekimen honen beharra», euskaraz hitz egiteko eta lagun berriak egiteko ematen duen aukerarengatik.