13 JUIL. 2024 Gaur X urte Duela 10 urte hil zen Nadine Gordimer, Apartheida borrokatu zuen idazle hegoafrikarra Gaur dira 10 urte Nadine Gordimer idazle eta ekintzaile hegoafrikarra hil zela. Afrikako Kongresu Nazionala erakundean ibili zen eta idazle gisa Nobel Saria irabazi zuen 1991n. Gordimer, 2010ean. (Wikimedia Commons) GAUR8 Nadine Gordimer idazle hegoafrikarra gaurko egunez zendu zen, 10 urte direla, 90 urte zituela. Apartheida borrokatu zuen, eta Literaturako Nobel saria jaso 1991n. Haren liburuetan, Hegoafrikako apartheida aztertzen da ikuspegi askotatik, batzuetan arrotzarenetik, beste batzuetan bertakoenetik. Springs meatzari herrian jaio zen 1923ko azaroaren 20an. Judu europar batzuen alaba zen, ama ingelesa zuen, erdi mailakoa; aita, letoniar bitxigilea. 9 urterekin idatzi zituen aurreneko ipuinak eta argitaratzeko lehen aukera 15 urterekin iritsi zitzaion, egunkari baten bitartez. Ordurako bazekien kasta bateko kidea zela. Ikasten zuen eskola erlijiosoan neskak zituen ikaskide guztiak; zuriak denak. Aisialdian ere ez zuen zuria ez zen inorekin harremanik. Horrela, nerabezaroan ikusi zuen «zerbait ez zihoala ondo», eta 18 urterekin ohartu zen gertuago sentitzen zituela gazte beltzak zuriak baino. Horrek eraman zuen sistemaren aurka borrokatzera. 1949an argitaratu zuen ‘Face to face’ kontakizun laburren bildumarekin hasi zen ezaguna egiten. 1953an plazaratu zuen ‘The Lying Days’ lehen nobela, kutsu autobiografiko handikoa. 1958an, berriz, lehen aldiz ezagutu zuen zentsura, ‘A World of Strangers’ eleberria ezin izan baitzuen argitaratu jaioterrian. Gordimer beti gelditu zen Hegoafrikan, baita Afrikako Kongresu Nazionala erakunde klandestinoan lanean hasi zenean ere, eta 1962an ezagutu zuen Nelson Mandela. Azken urteetan, Gordimerrek aktibismoa egin zuen GIBaren eta HIESaren aurkako borrokan, eta dirua bildu zuen Treatment Action Campaign taldearentzat. Hegoafrikako gaixoei bizitza salbatzeko doako botikak lortzen lagundu nahi zien talde horrek. Idazle gisa zuen prestigioa haziz joan zen mundu osoan, eta Literaturako Nobel saria jaso zuen 1991n. Halaber, Nelson Mandela Fundazioak omenaldia egin zion hil ostean.