17 JUIL. 2024 Gaubeako Turismo Patronatuak jarraituko du Baronatarren Dorrea kudeatzen Gaubeako Turismo Patronatuak Baronatarren Dorrea kudeatzen jarraituko du, Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena berritu ondoren. Kontserbazio egoera oso onean dagoen Erdi Aroko ondareetako bat izateaz gain, «dekorazio tipikoari eusten dioten hainbat espazio» gordetzen ditu. Baronatarren Dorrea, Gaubean. (Raul BOGAJO | FOKU) GAUR8 Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak eta Gaubeako Udalak hitzarmena berritu dute, Gaubeako Turismo Patronatuak Baronatarren Dorrea kudeatzeko, hirugarren urtez jarraian, kudeaketa-gomendio baten bidez eta 28.000 euroko finantzaketarekin. Aldundiak azaldu duenez, akordioak Arabako museoak mantentzen laguntzea du helburu, eta, horregatik, Varonako Dorrea zaharberritu eta musealizatu zuen Foru Aldundiak. Dorre honen jatorria XIV. mendearen amaieran edo XV.aren hasieran dago. Ordutik gaurdaino, Barona leinua eta bere ondorengo zuzenak bizi izan dira bertan. «Barrualdean, bere izaera tradizionalari eta XIX. mendeko jauretxe baten dekorazio tipikoari eusten dioten hainbat espazio kontserbatzen dira, eta Dorre-Jauregiaren jabeena den altzari mota ezberdinetan bana daitezke. Paper margotuak eta zeramika bilduma interesgarriak dira», gaineratu du. 2015eko apiriletik, Aldundiak zuzenean kudeatu ditu Barona Dorrearen irekiera, jendearentzako arreta eta bisita gidatuak. Hala ere, 2022an kudeaketa eredua aldatzea erabaki zen, esleitutako baliabide publikoen erabileran eraginkortasuna hobetzeko. Horretarako, Gaubeako Udalak bere gain hartuko du Baronatarren Dorrearen kudeaketa, Gaubeako Turismo Patronatuaren bitartez.