18 JUIL. 2024 Donostia, Azkoitia, Legazpi, Irun eta Ermua saritu dituzte gobernantzako bikaintasunaren ELoGE zigiluarekin Eudelek eta Europako kontseiluak gobernantzan bikaintasuna adierazten duen ELoGE zigilua eman diete gaur Donostia, Azkoitia, Legazpi, Irun eta Ermuako udalei. Parte hartze demokratikoa, giza eskubideak edota irekitasuna eta gardentasuna bezalako printzipioen inguruko adierazleak ebaluatzen dira. ELoGE zigiluen banaketa ekitaldia, Donostian. (Eudel) GAUR8 Eudel EAEko Udalen Elkarteak eta Europako Kontseiluak Donostia, Azkoitia, Legazpi, Irun eta Ermua saritu dituzte, ElOGE zigiluarekin, «gobernantza bikainagatik». Beste hiru hautagaiek, Erandiok, Errenteriak eta Laudiok (azken hori aurreko zigilu batekin) autoebaluazioa amaitu dute eta, horrekin, euren hobekuntza planak bultzatu ahal izango dituzte. Hiru hilabetez, EAEko zortzi udal hautagaiek Europako Kontseiluak diseinatuko autoebaluazioa egin dute, eta Gobernu onaren 12 printzipioren inguruko 72 adierazle onartu dituzte. Printzipio hauek dira: parte-hartze demokratikoa, giza eskubideak, zuzenbidezko estatua, etika publikoa, kontuak ematea, irekitasuna eta gardentasuna, kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea, lidergoa, eskumenak eta gaitasunak, erreakzionatzeko gaitasuna, kudeaketa ekonomiko-finantzario sendoa, iraunkortasuna eta epe luzerako orientazioa, eta aldaketarako eta berrikuntzarako irekitasuna. 2017an, EAEko tokiko erakundeei zigilua emateko Europako Kontseiluak egiaztatutako lehen eskualdeko plataforma bihurtu zen Eudel. 2024aren hasieran, Kontseiluak bere ebaluazio-metodologia eguneratu zuen, eta bosgarren edizio honetan parte hartu duten zortzi udalak izan dira ezartzen lehenak. Sariak emateko ekitaldia gaur (hilak 18) egin dute, Donostiako EKINN zentroan, eta zortzi udalerrietako arduradun politikoek eta teknikariek hartu dute parte. Esther Apraiz Eudeleko presidenteak eta Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkariak gidatu dute ekitaldia. Bi ordezkariek parte hartzaile guztiak zoriondu dituzte, «ausardia, anbizioa eta konpromisoa» erakutsi dutelako berrikuntzarekin eta erakundeen etengabeko hobekuntzarekin.