22 JUIL. 2024 Gaur X urte Luisa Berrondo maistra duela hamar urte hil zen 2014ko uztailaren 22an hil zen Luisa Berrondo maistra oiartzuarra, 97 urte zituela. Aitzindaria izan zen, 36ko Gerraren ondorioak ondorio, mutilentzako eta neskentzako eskola ireki zuelako Oiartzungo Ugaldetxo auzoan. Luisa Berrondo maistra. (Wikimadari | Wikimedia Commons) GAUR8 Gaur hamar urte zendu zen Luisa Berrondo maistra, 2014ko uztailaren 22an, 97 urte zituela. Maistra izan zen, emakume aitzindaria. Irakasletza ikasi ondoren, bere eskola propioa ireki zuen Oiartzunen, bere jaioterrian, Ugaldetxo auzoan. Bertan, neskei eta mutilei ematen zizkien eskolak elkarrekin. 1916ko urriaren 16an jaio zen Luisa Berrondo. Bederatzi urte zituela eta apaiza zen osaba batek ordainduta, Donostiara joan zen ikastera, Teresianas ikastetxera. Ondoren, 17 urterekin irakasletza ikasi zuen. Titulua eskuratu zuenean etxeetara klase partikularrak ematera joaten hasi zen eta bere eskolan ere lan egin zuen. Hango irakasleek animatuta, 1936ko oposizioetara aurkeztu zen. Lehenengo azterketa gainditu zuen, baina, bigarrena egiten ari zela 36ko Gerra hasi zen eta oposizioak bertan behera geratu ziren. Gerra bere familiarekin elkartu ezinean igaro ondoren 1940. urtean ireki zuen eskola, On Antonio Irigoien apaizaren laguntzarekin. Oiartzungo auzo guztietakoak ziren bere ikasleak, eta 80 neska-mutili batera irakastera iritsi zen. 1966an, Ugaldetxoko eskola nazionala ireki zutenean, bere eskola ixtea erabaki zuen. Donostiako Asuncion ikastetxean eman zituen 14 urte lanean eta gero eskola partikularrak ematen jarraitu zuen. 1980an jakin zuen 1936an bigarren oposizio proba egiteko aukerarik gabe geratu ziren haiek funtzionario gisa onartzen zituztela. Altzibarko eskola aukeratu zuen lan egiteko eta bertan igaro zituen hiru urte, 67 urterekin erretiratu zen arte.