26 JUIL. 2024 ‘Sopelako Merkataritza Pasaportea’ deskontu bonuen kanpainan izena emateko epea zabaldu dute ‘Sopelako Merkataritza Pasaportea’ aktibatu du Udalak, tokiko merkataritza bultzatu eta kontsumo ohiturak aldatzeko. Abuztuaren 5era arte zabalik dute dendek ekimenean izena emateko epea, eta iragarritakoaren arabera, irailean xehetasunak helaraziko dizkie herritarrei. ‘Sopelako Merkataritza Pasaportea’ kanpainaren kartela, irudian. (Sopelako Udala) GAUR8 Tokiko kontsumoa bultzatu eta kontsumo ohiturak aldatzea helburu duen ‘Sopelako Merkataritza Pasaportea’ deskontu bonuen kanpaina jarri dute abian Sopelan. Udalak jakinarazi duenez, izena emateko epea zabalik egongo da abuztuaren 5era arte, eta herriko dendetan deskontuak egiteko programa hori udazkenean gauzatuko da herriko establezimenduetan. Izen-ematea abuztuaren 5era arte egongo da irekita dendentzat. Argitu dutenez, bonuak atxikitako establezimenduetan bakarrik trukatu ahal izango dira. Udalak guztira 75.000 euro bideratuko ditu kanpainara, bonuen bidez. ‘Sopelako Merkataritza Pasaportea’ ekimenaren bidez, tokiko kontsumoa bultzatu eta kontsumo ohiturak aldatu nahi ditu, «establezimenduak bezeroengana hurbilduz eta hurbileko merkataritza eta bere sektore guztiak sustatuz». Udal agintariek azaldu dute, joan den ekainean, Toki Garapen arloko arduradunak merkatariekin bildu zirela kanpainari begira egindako proposamenak jasotzeko, «eta horietako gehienak behin betiko bertsioan sartu dira», adierazi dute. Tokiko saltokietan kontsumoa sustatzeko ekimena udazkenean jarriko da martxan, eta irailean, kanpainaren inguruko xehetasun gehiago emango dituztela aurreratu dute.