28 JUIL. 2024 Pertseida izar-euriaren behaketa astronomikoa antolatu dute Izki Parkean Abuztuaren erdialdeko gauek eskaintzen dituzten pertseida izar-euriak behatzeko jarduera antolatu dute Izkiko Parke Naturalean, abuztuaren 10erako. Astronomiaz gehiago jakin eta pertseiden inguruko informazio zientifikoarekin batera, sinismenak edota mitologiaz hitz egingo dute adituek. Pertseiden behaketa abuztuaren 10ean izango da, 22.00ettaik aurrera (Arabako Parke Naturalak) GAUR8 Urtero, abuztuaren erdialdean zeruak eskaintzen duen pertseida izar-euriarekin gozatzeko esperientzia antolatu dute Izkiko Parke Naturalean. Abuztuaren 10ean jarri dute hitzordua, eta nabarmendu dutenez, leku paregabea da pertseideak behatzeko.Gaubea Astronomia Elkarteko adituek gidatuko dute jarduera, eta «astronomiari buruz ikasteaz aparte, fenomeno hauen inguruko alderdi historiko, mitologiko eta bitxikeriak» azalduko dituzte.Korreseko aisialdi gunea izango da abiapuntua. Jarduera 22.00etan hasiko da eta 1.30ak arte luzatuko da. Antolatzaileek hotzetik babesteko arropa eramatea aholkatzen dute, «nahiz eta udan egon, gauak freskoak» baitira, eta, nahi izatekotan, prismatiko arruntak erabili daitezkeela zehaztu dute, «argitxo gorriren bat, sakeleko telefonoen eta linternen argiak ekiditeko».Parte hartzeko, izen-ematea egin behar da Parkearen webgunean, familia bereko parte hartzaile guztien izenak zehaztuz, taldeko kopurua bost kidera mugatuta baitago.Abuztuaren 10ean, bestalde, ‘San Lorentzoko Erromeria’ ospatuko dute Valderejon. Lalastratik egingo dute igoera 11.00etatik aurrera. Gesaltzako Bandak girotuko du hamaiketakoa, 12.45ean; zozketa herrikoia eta paella jana ere izango da baselizaren inguruan, eta bola txapelketa egingo dute 17.00etatik aurrera.