GAUR8 - mila leiho zabalik

Matilde Huitzi Nabatzen jaioteguna da gaur

Matilde Huitzi Nabatz Iruñean jaio zen gaurko egunez, 1890ean, eta Txileko Santiagon hil zen, 1965eko apirilaren 13an. Maistra, pedagogoa, abokatua eta sufragista izan zen. Maria de Maezturekin Andereñoen Egoitza sortu zuen, baita Espainiako Emakume Unibertsitarioen Elkartea eta Txileko Unibertsitateko Haur Hezkuntzako Eskola ere.

Matilde Huitzi Nabatzen irudi bat. (WIKIPEDIA)

Matilde Huitzi Nabatz Iruñean hazi zen, ideologia errepublikanoa eta ekonomikoki oparoa zuen etxe liberal batean. 17 urterekin Lehen Hezkuntzako Maistra titulua lortu zuen Bilbon. Donostiako Ategorrietako Eskola Taldean maistra plaza hartu, eta bi urte geroago zuzendari izendatu zuten.

Lyceum Club Femeninoko bazkidea eta Estatu espainiarreko Emakume Unibertsitarioen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, Victoria Kent eta Clara Campoamorrekin batera.

1933an Errusiara joan zen haurtzaroari buruz han aplikatzen ziren politikak aztertzera. 1935ean Espainiaren ordezkari izendatu zuten Genevan egoitza duen Haurrak eta Gazteak Babesteko Batzordean.

1931ko urriaren 3an ‘El Sol’ egunkarian ‘La reacción, el cura y la mujer’ izenburupeko artikulua idatzi zuen emakumeen botoa onartzearen aldeko argudioak emanda. Urte berean PSOEn militatzen hasi zen.

Gerra ondoren Txilera erbesteratu zen. 1940ko maiatzaren 14an iritsi zen, Orduña izeneko transatlantikoan. Txileko Unibertsitateko Haur Hezkuntzako Eskola diseinatu eta antolatu zuen, eta haren zuzendari izan zen 1944an sortu zenetik 1962ra arte. 1965ean hil zen, 74 urte zituela.